Batasuneko kidea aurten atxilotu zuten azaroaren 1ean Maulen, Manuel Valls Frantziako Barne ministroaren arabera, errepide kontrol batean. Atxiloketak, ordea, susmoak piztu zituen familiak ondoren salatu zuenez, Jendarmeriak lau kontrol zituelako ezarrita Maulen inguruan. Iaz ere ekainean saiatu ziren Martin atxilotzen, baina orduko horretan herritarrek galarazi zuten atxiloketa (argazki bilduma).
Martinen sendiak, atxiloketaren ostean Kazeta.info-ra bidalitako gutun batean, azaldu zuen bizitza publikoa egiten zuela —apirilean Miarritzeko enplegu bulegoan izena eman zuen—, eta Manuel Valls Barne ministroari gezurretan aritzea leporatu zion. Izan ere, kontrola arrunta zela esan zuen horrek. Egun gutxira Iparraldeko eragileen ordezkaritza zabal bat suprefeturan izan zen Hollanderi bake prozesuan inplikatzeko eskatuz, UMPtik Batasunera.
Herrira-k ere salatu egin zuen atxiloketa, eta Frantziako Gobernuari aurpegiratu zioten Espainiak "idatzitako gidoia" jarraitzea. UMPk eta PSk ere kezkaz hartu zuten, eta aste honetan bertan Akitaniako Eskualde Kontseiluak giro politikoa aintzat hartu eta eskuzabaltasunez jokatzeko eskatu du, Martinen alde aho batez onartutako mozioan. Magistraturako sindikatuak Aurore Martin babestu zuen.
Batasuneko kidea izatea leporatzen dio Espainiak Martini, eta hori frogatzeko zenbait prentsaurrekoetan izan zela argudiatzen du. Hamabi urteko espetxe zigorra eskatu dute. Prentsaurreko horietako batzuk, ordea, Ipar Euskal Herrian izan ziren, eta Frantziako legediarentzat Batasuna legez kanpo egon ez denez inoiz, zalaparta handia sortu du Martinen aurkako auziak. Paueko auzitegiak onartu egin zuen euroagindua 2010eko azaroan.
2010eko abenduan jendaurrean adierazi zuen bere burua gordeko zuela, eta sei hilabete eman zituen era horretan. Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsiren elkartasuna eta babesa jaso zuen hilabete horietan, eta 80 inguruk agerraldi bat egin zuten, Martin haietako baten etxean gordeta zutela jakinarazteko. 2011ko ekainean itzuli zen bizitza publikora.