Erdibituta dago PSOE. Atzo, Pedro Sanchezen kargugabetzea bultzatzeko asmoz zuzendaritzako hamazazpi kidek dimisioa eman zutenetik, alderdiaren kontrola bereganatu nahian ari dira kritikoak. Ofizialek ez diete eman nahi, ordea, eta Ferrazeko ateak ere itxi dizkiete. Alderdiko barne gerra ageri-agerikoa da.
Kritikoek Etika eta Berme Batzordera deitu dute, baina, halakorik ezin dutela egin azpimarratzeko, gutuna kaleratu du Isabel Zelaa batzordeko presidenteak. Esan du bilera iragartzea berari dagokiola, eta ez beste inori. Kritikoen asmoa da batzorde hori elkartu eta Sanchez kargutik kentzea.
Veronica Perez PSOEren Batzorde Federaleko mahaiko lehendakaria da Sanchez kargutik kendu nahi dutenetako bat. Hark dio oraintxe bera dela PSOEko agintari gorena, "batzuei ez gustatu arren". Baina, Ferrazen ez dio inork jaramonik egin —bi ordu pasatu ditu harreran zain—, eta, hark kontatu duenez, Zelaak ere ez dio telefonoa hartzen. Izan ere, Zelaari agindu nahi dio Etika eta Barme Batzordera deitzeko, hark "argi pixka bat" jar dezan.
Alderdiko estatutuak nor bere erara interpretatzen ari dira bi aldeak. Hamazapi kidek dimisioa eman arren alderdiko zuzendaritzak indarrean jarraitzen dutela diote gelditzen direnek, eta hala, Ferrazen bilduta daude. Larunbaterako Batzorde Federalera deitu dute, hark kongresura antola dezan azaroa 12 eta 13rako. Urriaren 23an egingo lireteke hauteskunde primarioak. "Lasaitasuna" eskatu du zuzendaritzak.
Hain justu, Kongresu hori egitearen alde mintzatu da PSE-EE komunikabideetara bidali duen oharrean. Alderdian "lidergo sendo bat" osatu behar da kongresu horretan, PSE-EEren irudiko. Horrekin, zuzendaritzan geldintzen direnen bideari eutsi dio PSE-EEk, baina ez du Pedro Sanchezen izenik aitatu. Alderdiaren estatutuekiko errespetu erabatekoa azaldu dute.
Ferrazeko egoitzaren atarian jendea pilatzen ari da: batzuk, barruan dagoen zuzendaritza babesten; eta besteak, haren kontra. Komunikabideak ere hantxe dira.