Gizartea

Azaroaren 10ean egingo dute Igeldori buruzko galdeketa

Botoa eman ahal izango dute 16 urtetik gorako igeldoarrek. Beharrrezkoa izango da, gainera, iazko azaroaren 30a baino lehen barruti horretan erroldatuta egotea.

2013ko urriaren 2a
16:23
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du Igeldoren desanexioari buruzko galdeketa egiteko data: azaroaren 10a. Igeldo udalerri izatea nahi duzu? Horixe izango da boto-emaileek erantzun beharko duten galdera. Bozketa Itsas Aurre kultur etxean egingo dute, 09:00etatik 20:00etara. Botoa eman ahal izateko, beharrezkoa izango da 16 urtetik gora izatea, baita iazko azaroaren 30a baino lehen barruti horretan erroldatuta egotea ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Funtzio Publikoko diputatu Garbiñe Errekondok zehaztu du emaitza ez dela bete beharrekoa. "Egingo duguna ez da erreferendum bat. Hala balitz, Espainiako Gobernuari eskatu beharko genioke baimena". Donostiako Udalaren iritzia kontuan hartuko dutela adierazi du, baina ez dela erabakigarria izango. "Aldundiak eskumenak ditu alor horretan".

Herritarren Parte Hartzerako zuzendari Arantza Ruiz de Larrinagak nabarmendu du aldundiarentzat "pozgarria" dela herritarrei hitza eman eta halako galdeketa bat egitea. "Egingo genuela esan genuen". Gainera, galdeketa egiteko prozesua eta urratsak zehazteko orduan Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin hitz egin dutela azaldu du, baita Igeldoko auzotarrekin ere.

Igeldoko Herri Kontseiluko Ramon Urruzmendik galdeketan parte hartzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.