"Bada garaia orain arte kontatu ez direnak kontatzeko", adierazi dute Lander Iruin eta Markel Andia zuzendariek. Gazteak dira biak, eta gazteengana helarazi nahi dute kontakizuna. Izan ere, haien hitzetan, HBko diputatua zela eta tiroz hil zutela besterik ez dakite belaunaldi berriek Muguruzari buruz, eta seguru daude Errekaldeko semea hori baino askoz gehiago zela.
Sektore politiko askotako 28 elkarrizketaturen bidez emango dute GALek hildakoaren berri. Bilboko Errekalde auzoan hasi zuen ibilbideari buruz mintzatuko dira haren auzokideak, errefuxiatu zela egindako lanen berri emango dute harekin bizi izan zirenek, eta HBko buruzagitzan kide izan zituenek haren argitasuna nabarmenduko dute. "Uste dut Muguruza zerbait gehiago zela", dio dokumentalean Xabier Arzalluz buruzagi jeltzale izandakoak haren lan politikoari buruz. Bideoa: dokumentalaren trailerra.
[Youtube]http://youtu.be/PeHQfTTcJX4[/Youtube]
Muguruzaren bizitzaren berri emateaz gain, egungo gazteak garai hartara hurbildu nahi dituzte dokumentalaren egileek. "Euskal Herriko historian garrantzitsuak izan diren momentuak bizi izan zituen: Frankismoaren amaiera, GAL, Algerreko elkarrizketak...".
Hilaren 17an aurkeztuko dute dokumentala, Bilboko Campos Eliseos antzokian, 19:30ean, eta azaroaren 20an, Muguruza hil zuteneko 25. urteurren egunean, Errekaldeko Udaltegian, ordu berean. Hortik aurrera lana hiriburuetan eta herrietan zabaltzeko asmoa dutela iragarri dute egileek.