Hartu Hitza Irunek bederatzi hilabeteko bidea egingo du azaroaren 18ko galdeketara iritsi aurretik. Bide horretan, galdeketaren aldeko sinadurak biltzea izango da lehen urratsa. Dagoeneko hasi dira Irungo (Gipuzkoa) herritarren sinadurak biltzen. Apirilaren 29 arteko epea izango dute galdeketa antolatzeko bildu asmo dituzten 3.000 sinadurak lortzeko.
Galdeketan herritarrei egingo zaien galdera zehaztea izango da bigarren urratsa. Horretarako, eztabaida sustatuko dute herritarren artean, estatus politikoari buruz zer galdetu nahi duten adosteko. Maiatzaren 19an aurkeztuko dute publikoki galdera adostua.
Udara ostean, berriz, galdeketaren antolaketan murgilduko da buru-belarri elkartea.
Erabakitzeko eskubidearen ariketa herrikoia gauzatzeko, 60.000 euroko aurrekontua izatea aurreikusi dute; Irungo biztanle bakoitzeko euro bat, alegia. Hainbat bide erraztuko dituzte galdeketaren finantzaketari ekarpena egin ahal izateko.
Hartu Hitza Irun eragile "irekia eta parte hartzailea" dela nabarmendu du Itziar Gomez elkarteko kideak. Azaldu duenez, "ezberdinen artean zubiak sortzea" da elkartearen helburua.
Era kolektiboan erabakitzeari balioa aitortu dio elkarteak. Ariketa hori parte hartzearen, erantzukizunaren, errespetuaren eta heldutasun sozialaren isla dela adierazi du. "Gure gizartean, talde lana eta parte hartzea gizarte iniziatiben lorpen handienen oinarria izan dira", Gomezen hitzetan.