Ipar Euskal Herriko gazte mugimendu berria azaroaren 2an ezagutaraziko dute, Jeiki Egunaren barnean. Zortzi hilabetez 120 bat gaztek eraman gogoeta eta eztabaidatik atera da “Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleak ordezkatuko dituen antolakuntza bat sortzeko beharra”. Zergatia argi dute: “Gizartean eta oro har sistema honetan gazteen ahotsa entzuna eta errespetatua izatea".
Goiz honetan Baionan egin prentsaurrekoan eman dute Jeiki Egunaren berri. Egun guztiko egitaraua aurkeztu dute. Goizean, nazioarteko eragileekin batera “gazteei eta Europako krisi ekonomikoari” buruzko eztabaida eginen dute. Eguerditan, bazkaria eskainiko dute Baiona Ttipian, hainbat txarangak alaiturik. 19:00etan, gazte antolakuntza berria sortuko duen ekitaldia eginen dute, eta, ondoren, 2zio, Berri Txarrak, DJ Pone eta talde sorpresa baten kontzertua izanen da.