Bederatzi urteko kartzela zigorra, sexu abusuak leporatuta; horixe izan zen Iruñean 2016ko sanferminetan neska batek jasandako taldeko bortxaketaren bost egileei jarri zitzaien zigorra. Epai hark asaldura eragin zuen, bereziki ez zelako aintzat hartu bortxaketa izan zela, eta akusazioek helegitea jartzeko asmoa adierazi zuten. Baita akusatuek ere. Orain, kontra jarritako helegiteei zer erantzun ematen zaien ikusi beharko da. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko zigor aretoko bost magistratuen esku egongo da ebazpena, eta, hori edukitakoan, hilabeteren buruan, sententzia idatzita egongo da.
Gaur auto baten bidez jakinarazi ditu horiek guztiak auzitegiak. Berretsi du, halaber, ahozko ikustaldirik ez duela egingo helegiteon gainean erabakitzeko, aldeek aurkeztutako informazioa aski zabala dela adierazi baitu. Jakinarazi du, halaber, atzera bota duela akusazio partikularrak aurkeztu nahi zuen agiri bat, zeinean zehazten zuen nola artatu zuten biktima sexu erasoak jasan dituzten andreak artatzen dituzten zentro batean.
Zigortuak libre daude behin-behinean, eta epaiketara bidean dira antzeko beste kasu batean.
Ertzainak, bestalde, sexu abusuen salaketa bat ikertzen ari dira Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Larunbat goizaldean jazo zirela esan du salatzaileak, neska adingabe batek. Lasarte-Oriako Udaleko eledunen batzordea elkartuko da gaur erasoaren aurkako adierazpen bat kaleratzeko eta elkarretaratze batera deitzeko.
Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du 19:00etarako, eta udalak bat egin du mobilizaziorako deiarekin.