ETAren azken agiria suminduta hartu du Eusko Jaurlaritzak. Hala agertu du Miren Azkarate bozeramaileak, eta, besteak beste, "zitaltzat" jo ditu agirian esaten diren zenbait gauza, besteak beste, Capbretonen (Landak, Frantzia) bi guardia zibil hil izana "exekuziotzat" jotzea. Azkaraten iduriko, heriotza bi horiek "hilketak" hutsak izan ziren.
"Hoztasun makurrez bi guardia zibil exekutatu zituela esateko gai dira. Ez zuen inor exekutatu, bi gazte hil zituen; bizitzak dituen ilusio eta itxaropen guztiak hil zituen. Eta ez zaio beste azalpenik bilatubehar, ez baitago justifikaziorik. Hurkoa odol hotzean hiltzen duenak hilketa egiten du, besterik ez", azpimarratu du Jaurlaritzako bozeramaileak.
Gaitzespena agertzeaz gain, ohar bat egin nahi izan die Azkaratek ETAri, eta oro har, euskal gizarteari. Hain zuzen ere, ETAren ekimen armatuak ezin duela gainerako jardun politikoa eragotzi adierazi du. "Ez gara geldirik geratuko, baizik eta demokraziaren eta politikaren bidetik irmo egingo dugu aurrera. Gure etorkizuna ez dago zuen (ETAren) esku. Horregatik ezetz esaten diogu ETAri, ez heriotzari eta hilketar, eta baietz gizarteari eta ekimen politikoari".
Azkarate: "ETAk ez du politika egitea eta gizarteari galdetzea eragotziko"
Erakunde armatu horren azken agiria gogor kritikatu du Jaurlaritzako bozeramaileak, eta Capbretonen bi guardia zibil hil izana argudiatzeko "exekuzioa" aipatu izana "zitalkeria" dela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu