EUSKO JAURLARITZAREN ESTATUTU PROPOSAMENA

Azkaratek «indarkeria gaitzesteko» eskatu dio Otegiri

Batasunarekin akordio politikoa lortzeko, «ezinbestekotzat» jo du

Erredakzioa
GASTEIZ
2004ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek, Ibarretxeren Planaren inguruan Batasunarekin akordioak lortzeko, «ezinbesteko baldintzatzat» jo du alderdi horrek «indarkeria gaitzestea, baita ETAren eskutik joateari uztea ere». Hala erantzun zion atzo Euskadi Irratiko elkarrizketa batean Azkaratek, Jaurlaritzaren izenean, Arnaldo Otegi Batasuneko eledunak egindako deiari. Otegik EAJri eskatu zion argitzeko euren bozak nahi al dituen, eta ea eurekin ituntzen saiatuko al den.

Halaber, PSE-EEk Gernikako Estatutua moldatzeko iragarri duen proposamenari buruz, Azkaratek Eusko Legebiltzarrean aurkeztea galdegin zion. Hala ere, PSE-EEren proposamenak «hauteskunde programa» dirudiela adierazi zuen.EAEko Gobernuko bozeramailearen irudiko, hurrengo hilabeteak «erabakigarriak» izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etorkizun politikoari begira. Ibarretxe lehendakariaren proposamena «irekia» dela azpimarratu zuen eta hitz egiteko borondatea egonez gero hori «goitik behera» alda daitekeela nabarmendu zuen. Nolanahi ere, «lasaitasuna» eskatu zuen Azkaratek eztabaidari berriro ekiteko.

EB-Berdeek planaren alde egingo dutela uste du

Era berean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuen Jaurlaritzak ez duela aintzat hartzen EB-Berdeek planaren aurka egiteko hipotesia. Izan ere, abuztuan EB-Berdeetako koordinatzaile nagusi Javier Madrazok adierazi zuenez, bere alderdiak ez du Ibarretxeren Plana babestuko, baldin eta zenbait aldaketa egiten ez badizkiote. Horren gainean, Azkaratek esan zuen Ibarretxeren Plana hiru alderdikoaren «gutxieneko akordioa» dela. «Ez dugu aurrez ikusten hiruko gobernuko bateren batek Legebiltzarrean esatea plana ez dela hasieran sinatu zuena. Helburua Legebiltzarrean adostasuna zabaltzea da, ez murriztea», esan zuen Azkaratek.

Dena den, alderdi bakoitzak bere proposamenak aurkezteko zilegitasun osoa daukala nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.