Batasuneko buruzagiekin bildu zela-eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariaren kontra abiatutako auziaren barruan Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak lekuko gisa deklaratu du gaur, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian Roberto Saiz epailearen aurrean. Eguerdiko hamabietan zeukan hitzordua, eta nahi izanez gero Gasteizen bere bulegoan deklaratzeko aukera zuen arren, Azkarate epaitegira joan da. Hark ez ezik, bileren lekuko izan ziren EITBko lau kazetarik ere deklaratu dute.
Ibarretxeren kasuan ez bezala, gaur auzitegiaren aurrean ez zegoen jarraitzaile askorik; bakanen batzuk. Iñigo Urkullu, Joseba Egibar eta Josune Ariztondo EAJren EBBko kideek, eta Joseba Azkarraga Jaurlaritzaren Justizia eta Lan sailburuak lagundu diote Azkarateri auzitegira.
Jaurlaritzaren bozeramaileak ordubete eta hogei minutu egin ditu auzitegian eta, besteak beste, bideo bat ikusi dute, Azkaratek Ibarretxek ordezkari politikoekin bilerak hasiko zituela esan zuenekoa. Jaurlaritzaren bozeramaileak arratsaldean Gasteizen Lehendakaritzan esan du Ibarretxek "deliturik ez" zuela egin Batasunarekin hitz egiteagatik, "Batasunarekin edo ezker abertzalearekin ez hitz egiteko debeku jakinik ez zegoelako", eta Ibarretxeren Gobernuak "bakeagatik alderdi denekin hitz egiten segitzeko konpromisoa" duela.
"Harrituta" dago Azkarate Justiziaren kontraesanekin, epaile batzuetantzat delitu dena, beste batzuentzat ez delako, eta "argitasuna eta "segurtasun juridikoa" eskatu ditu. "Horretaz gain, egin dezaketen gauza zentzuzko bakarra Ibarretxeren aurkako helegitea lehenbailehen artxibatzea da, eta gainerakoak ere bai".
Batasunaren ilegalizazioaren harira, indar politiko horrekin batzarra egiteagatik desobedientzia leporatuta inputatu du EAEko Auzitegi Nagusiak Ibarretxe, eta dagoeneko bi aldiz deklaratu du. Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko buruzagiak ere deitu izan dituzte deklaratzera.
Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEko buruzgien kontra ere abiatu du auzia EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoi beragatik. Apirilaren 19an deklaratuko dute, eta haiekin batera, Otegi, Etxeberria eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko ordezkariek.
Ibarretxeren kontrako auzia
Azkarateren ustez, Ibarretxek ez zuen deliturik egin Batasunarekin hitz egiteagatik
Horretarako debeku jakinik ez zegoela esan du Jaurlaritzaren bozeramaileak. Lekuko gisa deklaratu du gaur EAEko Auzitegi Nagusian, lehendakariak Batasuneko buruzagiekin egindako bilerez azalpenak eman zitzan. Ia ordu eta erdi egin du barruan. Hark ez ezik, EITBko lau kazetarik deklaratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu