Indartsu atera dira hasiera-hasieratik Cebada Gago ganadutegiko zezenak, eta entzierroa korritzeko prest zegoen jende multzo handiarekin egin dute topo Santo Domingoko aldapan. Bizkor eta elkarrekin egin dute Udaletxeko plaza bitarteko zatia; hain zuzen ere, jendetza handia, lasai korrika egitea eragozten zuena, izan da zailtasun handiena.
Mercadereseko bihurgunea baino lehenago, elkarrekin trabatu eta erori egin dira zezenetako bi, baina altxatu eta aurrera egin dute. Mercadereseko bihurgunean, berriz, seiak amildu dira. Altxatzen azkena, gainera, galduta bezala egon da segundo labur batzuz, baina, zorionez, mantsoak agertu dira une horretan eta haien atzetik joan da. Atzera jira egiteko zorian egon da, eta hala egin izan balu arrisku izugarria sortuko luke, zezenek aurrera egin eta segituan 'tapoia' sortu baita Mercadereseko bihurgunekopare horretan jendearen emanagatik.
Estafeta kalean gora, berriz, atzean, taldetik zintzilikatuta, geratu dira bi zezen. Hain zuzen ere, ibilbideko azken zatian arrisku une handiak sortu dituzte zezen horiek: une batzuetan albora adarka egiteko imintzioak ere egin dituzte.
Oro har, entzierro azkarra izan da (2 minutu eta 28 segundoren buruan plazan ziren zezen guztiak), baina, era berean, arriskutsua: bai jendetza handiak elkarri traba egitea eragiten zuelako, bai Cebagada Gago zezenak urduriak eta erasokorrak direlako.
Gaur urtebete zauritu zen Fermin Etxeberria
Gaur urtebete zoritxarreko gertakaria izan zen entzierroan: Fermin Etxeberria entzierroko parte-hartzaile iruindar beterano eta ezagunak erorikoa izan zuen, kolpe handia jaso zuen buruan, eta oso larri zauritu zen. Bi hilabetez hil edo bizi egon eta gero, irailean zendu zen. Hori dela eta, gaur omenaldia egingo diote. 63 urte zituen Etxeberriak eta gazte-gaztetatik parte hartu zuen entzierroan.
sanferminak
Azkarra baina arriskutsua izan da gaurko entzierroa
Bi minutu eta 28 segundo iraun ditu gaurko entzierroak. Azkar egin dute ibilbidea Cadizko (Andaluzia) Cebada Gago ganadutegiko zezenek, baina, hala ere, arrisku une asko sortu dituzte: adarka egiteko imintzioa ere egin dute azken bi zezenek zezen plazara sartzeko kalexkan. Hala ere, inor ez dute adarrekin zauritu. Jende askok parte hartu du gaurko entzierroan, eta horrek areagotu egin du arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu