Azkarregi edo geldirik

Burujabetzarako bidea egiteko Espainiarekin negoziatzearen aldeko apustua egin du EAJk.«Ez dago aukerarik alde biko akordioa lortzeko» esan dio ELAk

Aitor Esteban EAJren taldeak Espainiako Kongresuan duen bozeramailea, eztabaida batean. JAVIER LIZON / EFE.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Eskozian eta Katalunian burujabetzari begira egitear diren urratsek saihetsezin bihurtu dute eztabaida Euskal Herrian ere. Talde abertzale guztiek txalotu dute galdeketak gauzatzeko erabakitasuna. Baina, etxera begira jarrita, ez dute guztiek ikuspegi bera. Azkarregi joan nahi den sentsazioa du EAJk. Burujabetzarako bidea gauzatzeko ahalegin betean aritu aurretik beste zenbait gai konpondu behar direla dio. ETAren izatea bera oztopoa dela aurrera egiteko, eta, gainera, alde bakarreko erabakiak hartu ordez Espainiako Gobernuarekin negoziatzen saiatu beharra dagoela. ELAk bidea trabatzea egotzi dio EAJri; Madrilen zain geratuta aurrerapausoak oztopatzea.

«Indarkeria erabiltzen ari ez den arren, ETAren existentzia bera nahiko arrazoia da Europak eta Espainiako Estatuak botoa emateko eskubidea gauzatzeko baimena ez emateko», adierazi du Aitor Estebanek, EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak.

Bozeramaile jeltzaleari iruditzen zaio Eskoziarrek egingo duten galdeketak Euskal Herrian ere eragin zuzena izango duela. Galdeketak Europan «iragana eta geroa» bereiziko dituela uste du. Eta independentzia nahi duten herrien egoerak desberdinak diren arren, «antzekotasunak» ere badaudela zehaztu du. EAJk «eredugarri» du Eskoziako prozesua. «Baina gizarte bakoitzak bere denborak eta animoak neurtu behar ditu», zehaztu du. Espainiako Estatuak ez duela Erresuma Batuak bezala jokatuko ere ohartarazi du: «Han tradizio demokratiko askoz sakonagoa dute, eta Espainian dena da oztopo». Horiek horrela, EAJri iruditzen zaio euskal herritarrek «gogoeta» egin behar dutela, «gizartearen animoa» zein den aztertu behar dela eta «Eskoziaren egoera berean egoteko» zer egin behar den pentsatu behar dela. Talde armaturik ez egotea aipatu du horretarako bide gisa.

Espainiako Estatuarekin negoziatzearen aldeko apustua egin du; «bide guztiak jorratu eta itunaren bila aritzea». Horren zergatia ere azaldu du: «Bide zuzena hartzen baduzu besterik gabe, akordioak egiten saiatu ez izana leporatu ahal dizute».

ELA ez dator bat

ELA sindikatuari ez zaizkio batere gustatu EAJk bide horretan azken egunetan egindako adierazpenak. «Ez dago batere aukerarik estatuarekin alde biko akordiorik lortzeko», esan du Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak Landeia aldizkariak egindako elkarrizketa batean.

Bide okerra hartzea egotzi dio EAJri. Autodeterminazio eskubidea gauzatzeko estrategiarik ez izatea, eta luzamenduetan aritzea. «Eusko Jaurlaritzak, bere posizioa zehaztu gabe proposatu duen formularekin, beto eskubidea aitortzen dio PPri». Muñozek ohartarazi du PP «inboluzioaren ikurra» dela, eta horren aurka Jaurlaritzak ez duela «ez estrategiarik ezta teknika politikorik ere».

ELAk uste du Katalunian gizartea mobilizatuta egonik ezingo direla «itxaropenak zapuztu». Mugimendu hori dela aurrera egiteko bermerik onena. Euskal Herriko egoera, ordea, oso bestela ikusten du: «Batzuei beldurra ematen die gizarte heldu batek, dagozkion eskubideak eskatzen dituen gizarte batek», adierazi du Muñozek elkarrizketan. Izen-abizenak ere jarri dizkio akusazioari: «Eusko Jaurlaritzarentzat gizarte mobilizatua oztopoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.