euskal herria

Azken 50 urteetako giza eskubideen urraketei buruzko txostena egingo du Bake eta Bizikidetza idazkaritzak

Jonan Fernandezek iragarri du uda baino lehen Bake eta Bizikidetza Plana aurkeztuko duela. Era berean, jakinarazi du Memoriaren Institutua sortzeko proposamena landuko duela hiru hilabeteko epean, eta motibazio politikoko biktimei dagokien bigarren dekretua prestatzen hasiko dela. Independentea izango da txostena.

edurne begiristain
2013ko martxoaren 6a
19:19
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaritza nagusiak legealdi honetan garatuko dituen lan ildoen berri eman du Jonan Fernandezek Eusko Legebiltzarreko batzordean, Monica Hernando eta Txema Urkijorekin batera. Fernandezek azaldu duenez, bere departamenduaren lehentasuna “bizikidetzan inbertitzea” izango da, eta, horretarako, iraganari, orainari eta etorkizunari begira lan egingo du. Iraganari dagokionez, indarkeria eta giza eskubideen urraketa bakoitza argitu behar direla esan du Fernandezek, baina biktimen artean bazterketa eta parekotasunik egin gabe.

Ildo horretan, adierazi du Euskal Herrian azken 50 urteotan gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak barne hartzen dituen erreferentziazko datu baserik ez dagoela, eta beharrezkotzat jo du tresna hori izatea. Hala, txosten hori pertsona independenteek egingo dutela azaldu du, giza eskubideen urraketen eta sufrimenduaren mapa bat mugatu eta dimentsionatze aldera. Uda baino lehen prest egongo da.

Memoriaren Institutua

Bestetik, datozen hiru hilabeteetan Memoriaren Institutuaren proiekturako proposamena aurkeztuko du idazkaritzak, eta asmoa da egitasmo hori sortzeko prozesua aurtengo azken hiruhilekoan hastea eta hurrengo urtean jarraitzea.

Errekonozimendua eta ordaina giza eskubideen urraketen biktima guztiei hedatzeko konpromisoa hartu du, halaber, Fernandezek. Hala, motibazio politikoko biktimei dagokien bigarren dekretua lantzen jarraituko dutela jakinarazi du.

Fernandezek azaldu du Bake eta Bizikidetza idazkariak Espainiako Gobernuarekin “elkarrizketa eta lan zuhurra” egingo duela, hainbat helburu lortzeko asmoz: besteak beste, PPren gobernuari espetxe eskumenaren transferentzia eta presoen hurbilketa eskatuko dio, eta espetxe politika egoera berrira egokitzea. Halaber, epe laburrean bi neurri hartzea proposatuko dio Madrili: batetik, gaixorik dauden presoentzat irtenbide “humanitarioak” bilatzea, eta, bestetik, jarduera politikoekin zerikusia duten zigorrak dituzten presoentzat “zentzuzko neurriak” bilatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.