Ibon Areso Bilboko alkateak jaso ditu 1960tik 2010era jatorri politikoko indarkeriaren ondorioz hil diren 95 lagunen zerrenda eta haiei buruzko xehetasunak, Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariaren eskutik. Biktima horiek Bilbon hil zituztelako edo bestela bilbotarrak zirelako jaso dituzte zerrendan.
ETAk, GALek, Komando Autonomo Antikapitalistek, Batallon Vasco Españolek eta polizia indarrek hildakoak dira guztiak: 72 ETAk hildakoak, bederatzi GAL eta Batallon Vasco Españoli leporatutakoak eta zazpi polizia indarren esku hildakoak. Sei biktima gehiagoren izenak ere sartu dituzte zerrendan, baina Fernandezek berak nabarmendu du ez dagoela oraindik erabat argi haiek nork hil zituen, eta gehiago ikertu behar direla auzi horiek.
Herriz herri
Datozen egunetan Donostia eta Gasteizko alkateei ere antzeko zerrenda eman asmo die Jaurlaritzak. Eta behin maiatzeko hauteskundeak igarota, halako heriotzak gertatu diren EAEko udalerrietako alkate berriei emango diete herri bakoitzeko biktimen zerrenda. Orotara, 136 txosten ari dira prestatzen.