Iragan astelehenean hil zen Cenarrusa, eta azken agurra eman diote gaur, ekitaldi instituzional batean. Halaber, haren aldeko hileta ikusgai izango da ktvb.com webgunean.
Euskal jatorria zuen Pete Cenarrusak, bizkaitarrak baitzituen gurasoak: Munitibarkoa Jose Zenarruza aita, eta Gernikakoa Ramona Gardoki ama. Etxean ikasi zuen euskaraz, eta 30 urtetik gora eman zituen Idahoko (AEB) Estatu idazkari lanetan, 1967. urtetik 2003. urtera arte. Estatu horretan karguan denbora gehien eman duen agintaria izan da, eta bigarrena AEBetako historian. Alderdi Errepublikanoan jardun zuen.
Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritu zen sarri, eta euskararen eta euskal kulturaren sustatzaile izan zen Ameriketako Estatu Batuetan. Abenduaren 16an zen 96 urte egitekoa.
Hainbat aldiz izan zen Euskal Herrian; besteak beste, 1977an, Francisco Franco Espainiako diktadorea hil osteko lehen udal hauteskundeetan behatzaile lanak egiteko. 2001. urtean, Sabino Arana Fundazioaren "euskaldun unibertsal" izendapena jaso zuen, eta 2010ean, berriz, Bizkaitar Argia saria.
2003an, bere izena daraman Euskal Ikasketen Zentroa jarri zuen martxan Boiseko Unibertsitatean, eta Boiseko ikastolako sortzaile ere izan zen. Euskal politikagintzan, Euskal Herriaren autodeterminazioaren aldeko adierazpena sustatu zuen 2002an, eta 2012an, berriz, hark eta hark zuzendutako Foundation for Basque Culture elkarteak bake prozesuarekiko itxaropena azaltzen zuen adierazpen bat sustatu zuten Idahoko Estatu Gaietarako Batzordean. Bertako legebiltzarrak "goraipatu" egin zuen joan den 2011ko urrian ETAk "ekintza armatuen behin betiko etena eta terrorismoaren amaiera" iragarri izana, eta horrekin batera, Espainiako, Frantziako, Nafarroako eta EAEko gobernuei dei egin zien "euren ekintzen bidez elkarrizketa bultza dezaten euskal lurraldeetan, bake iraunkorra lortzeko".