Irailaren 8an egingo dute alardea, Hondarribian. Azken egunetan zalaparta sortu da, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Alarde fundazioak eginiko gonbidapen bat onartu ostean. Hori ikusirik, Jaizkibel konpainiak Jaurlaritzari eskaini dio aurtengo alardean banderadun izatea.
Hondarribiko alardeaz hitz egitean "errespetua" izateko eskatu die Alarde fundazioak erakundeei, kargudun publikoei eta hedabideei: "Asteak daramatzagu lintxamendu publiko-mediatikoa jasaten". Salatu dute "inpunitate osoz" hainbat ordezkari politiko —EAEko arartekoa, Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia eta EH Bildu aipatu ditu— "sistematikoki" gezurretan ari direla alardeari "baztertzaile" deituz: "Oroitarazi nahi dugu, beste behin, Hondarribiko alardea guztiz legitimoa dela [Espainiako] Auzitegi Gorenaren arabera". Nabarmendu dute alardean ez dagoela sexu bazterketarik.
Gaineratu dute Alarde fundazioak ez duela zerikusirik Jaizkibel konpainiak "antolatutako manifestazioaren aurka" egiten diren protestekin: "Ikuslea burujabea da, eta iritzia emateko eskubidea du".