Adituek diote hauteskunde kanpaina hasi baino askoz lehenago herritar gehienek erabakia hartuta daukatela, badakitela nori emango dioten botoa; %75ek, hain zuzen ere, ez omen dute kanpainaren beharrik. Beraz, onartu beharko dugu %25 horien esku dagoela azken diputatuari buruzko erabakia. Hala ere, oraingoan ematen du kopuru horiek aldatu egin direla. Esango nuke %90ek aspaldi erabaki zutela nori eman botoa eta gutxi batzuk bakarrik geratzen direla jakin gabe zer egin datorren igandean. Kontua bestelakoa izango litzateke inkestek erakutsiko balute gauzak aldatzen joan direla hauteskunde kanpainak aurrera egin ahala. Baina ez. PPren eta PSOEren arteko aldeak hamabost puntutan segitzen du, Rubalcabaren kanpainak ez du ezer aldatu eta Raxoik eskertzen du horrela izatea. Aurreko artikuluan idatzi nuen Espainiako bi hautagai nagusien arteko eztabaidak Rubalcabari mesede egingo ziola eta aldea murriztea lortuko zuela, baina ez du ematen horrela denik
Saiatzen ari da, hala ere, PSOEkoa. Estratega sozialistek badakite boto dexente ezkerrera ihes egingo dietela, IUren poltsikora, eta hor ari dira zulo hori estaltzeko ahaleginean. PPren gehiengo osoa saihesteko ez du balioko, baina gutxienez porrota hain mingarria ez izatea lortu nahi dute. Estrategia horrek erdigune politikoa Raxoiri uzten dio, eta aldi berean erakusten du Rubalcabak eta PSOEko agintariek amore eman dutela eta onartu dutela Raxoi izango dela Espainiako hurrengo presidentea. Ez dute miraririk espero.
Ez han eta ez hemen, baina gure artean gutxienez zalantza batzuk egon badaude. Akaso hauteskunde kanpainaren aurretik zeuden berberak, hau da, ez dago garaile garbirik ez PP eta PSEren arteko lehian eta are gutxiago abertzaleen artekoan. Esan daiteke hemengo kanpainak ere gauza gutxi argitu duela. Berdinketa erakusten dute inkesta gehienek, eta hemen bai esan daitekeela boto gutxik diputatu bat edo bi erabakiko dutela. Hala, kanpainako azken egun hauek interesgarriak ematen dute, ea nork lortzen duen saria.
EAJk ala Amaiurrek? Mezu sendoenak jeltzaleenak dira, baina horrek ez du botoa ematen, asko jota botoa arerio politikoarengana ez joatea ahalbidetuko du. Nafarroaren etorkizunari buruz Raxoik esan zituenak aprobetxatu ditu Urkulluk jeltzaleen alde abertzalea indartzeko. Amaiurreko buruzagiek ez zuten Urkulluk erakutsi zuen dohain hori izan, ezker abertzalea biltzen duen koalizioa kanpainan dago, baina bera bakarrik egongo balitz bezala, beste alderdirik lehian izango ez balitz bezala. Jakina da beste alderdiek aukerak ematen dituztela bozak zure poltsikora joan daitezen, eta aprobetxatu egin behar dira. Raxoik bat eman zuen, eta EAJk eskertu zion. Eguraldiak beste bat kendu zion ezker abertzaleari Donostian, eta euritea aukera bihurtu zuen alderdi jeltzaleak.
Eta kito. Zaila izango da halakoak izatea. Kanpainako azken lau egunetan sartuta, garrantzitsuena izango da akatsik ez egitea, besteei aukerarik ez ematea, batez ere garaipena eskuan ikusten dutenentzat. Amaiur eta PP horrela jokatzen ari dira, garaipenaren konbikzioarekin, PPrenak zalantzarik ez duelako eta Amaiurren garaipena EAJren parean egotea delako, eta hori ere ez du inork zalantzan jarriko. Beste garaipen eta helburuak, lehena benetan nor den esango digutenak, datorren urterako.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak
Azken aukerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu