Pozez hartu ohi dute ikasleek ostirala. Asteburuaren atariko, motxila eta eskola liburuak utzi aurreko azken ahalegina izaten da. Murietako (Nafarroa) eskola publikoko ikasleentzat, ordea, bestelakoa izango da aste amaiera: Nafarroako Gobernuak eskola itxiko die. Han ikasten ari diren bi neskatoak Lizarrara bidali nahi ditu gobernuak; gurasoak, baina, ez daude ados, eta atzera egiteko eskatu diote Hezkuntza Departamentuari.
Ikasle kopurua baliatu du gobernuak itxieraren erabakia argudiatzeko. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, ikuskaritzaren txosten batek dio "pedagokikoki eta ekonomikoki ez duela zentzurik bi neskatoak eskola batean bakarrik izateak". Ikasleen gurasoek, ordea, salatu dute egun batetik bestera izan dutela erabaki horren berri, eta, ikasturtea hasita egonda, onartezina deritzote. Marisol Rodriguezek, eskolan ikasten ari diren bi haurretako baten amak, azaldu du beste hiru haur matrikulatu dituztela asteon, datorren astean eskolak hasteko, eta, ondorioz, eskolak zabalik behar duela iritzi dio.
Arartekoaren aurrean kexa jarri dute gurasoek, eta protesta egin dute Hezkuntza Departamentuaren aurrean —Sortzen eta Herrikoa elkarteen eta LABen babesa izan dute—. EILAS sindikatuak salatu duenez, eskola ixtea "pedagogiaren kontrako erabakia" da, "etika gutxikoa".
Murietako Udalak ere salatu du eskola itxi nahi izatea, eta Nafarroako Parlamentura heldu da gaia: EH Bilduk urgentziazko galdera bat erregistratu du eskolaren itxieraz galdetzeko, eta, horrekin batera, Hezkuntza Sailari atzera egiteko eta landa eremuko eskolen alde agertzeko eskatuko dio, parlamentuan aurkeztuko duen adierazpen baten bidez. Koalizioak dioenez, joan den ikasturtean landa eremuko eskolak bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Iribasek, eta Murietako eskolaren kasuan bereziki, gutxienez ikasturte honetan irekia izateko konpromisoa adierazi zuen.
Haurrak, Lizarrara
Murietako eskola itxita, Lizarrako eskola publikora bidali nahi ditu bi haurrak Nafarroako Gobernuak. Horretan, baina, Ingelesez Ikasteko Programa dute, eta gurasoek ez dute halakorik nahi. "Astelehenean Lizarrara joan beharko dugula erran digute, bertzerik ez, oraingoz", zehaztu du Rodriguezek.