Politika

Azken gobernu kontseilua egin du Lopezen Jaurlaritzak

Bihar izango da lehendakaria hautatzeko osoko bilkura. EAJko Iñigo Urkullu eta EH Bilduko Laura Mintegi dira hautagaiak, baina ez da espero gehiengo osorik inork lortuko duenik.

Hodei Iruretagoiena
2012ko abenduaren 11
13:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile moduan azken agerraldia egin du gaur Idoia Mendiak, gobernu kontseiluaren ondoren. Urteotan asko ikasi duela adierazi du, eta eskerrak eman dizkie kazetariei ere. Gainontzean, ekonomia gaiez hizketan amaitu du bere jarduna PSE-EEren Jaurlaritzak. Funtzionarien aparteko ordainsaria izan da gai nagusia gaur ere: Mendiak baieztatu du egin beharreko tramite guztiak eginak dituztela Jaurlaritzako funtzionariek ordainsari hori jaso dezaten.

Atzo, Patxi Lopez lehendakariak gutun baten bidez egin zuen legealdiaren agurra. PSE-EEko idazkari nagusi modura sinatu zuen, eta bere alderdikide eta jarraitzaileei zuzendu zitzaien batez ere. Jarduneko lehendakariak nabarmendu zuen gizarte zerbitzuak mantentzea lortu duela bere gobernuak, eta "denen artean" lortu dutela "ETAk eta bere inguruak indarkeria uztea".


Lehendakaria aukeratzeko lehen saioa, bihar

Bestalde, bihar egingo dute lehendakari berria hautatzeko lehen osoko bilkura, 9:30etan hasita. Hasteko, ordu eta erdi izango du hautagai bakoitzak bere proposamenak azaltzeko. Iñigo Urkullu aurkeztu du EAJk, eta Laura Mintegi EH Bilduk. Ondoren, eten egingo da bilkura, eta 14:30etan ekingo zaio berriz. Talde politikoen txanda izango da orduan, eta ordu erdi izango dute UPDko Gorka Maneirok, PPko Antonio Basagoitik, PSE-EEko Patxi Lopezek, EH Bilduko Julen Arzuagak eta EAJko Joseba Egibarrek, hurrenez hurren.

Lopez eta Basagoiti izango dira, beraz, PSE-EEren eta PPren bozeramaile lana egingo dutenak, ardura hori izan ez arren. "Bilkuraren garrantziaz" jabetuta, ordea, haiek hartuko dute Jose Antonio Pastorren eta Arantza Quirogaren lekua biharko egunez. Azken erantzun txanden ostean egingo da lehendakarigaien bozketa, baina ez da aurreikusten inor gehiengo osora iritsiko denik. Ondorioz, etzi aukeratuko dute datozen lau urteotarako lehendakaria.

Legebiltzarretik jakinarazi dutenez, 200 gonbidatu baino gehiago izango dira biharko osoko bilkura jarraitzen: aldundietako ordezkariak, batzar nagusietakoak, epaileak, alderdi politikoetakoak eta legebiltzarreko taldeek gonbidatu dituztenak, besteak beste. Hauteskunde kanpainan bezala, hiru izango dira hautagaiek jorratuko dituzten gai nagusiak: egoera ekonomikoa, normalizazio politikoa eta bakegintza eta estatus politikoaren inguruakoa. Lehendakaria hautatu ondoren, Gernikako Juntetxean (Bizkaia) izango da kargu hartze ekitaldia, datorren larunbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.