Emakume bat hil zuten ostegunean Arroyo de la Luz herrian, Caceresen (Extremadura, Espainia): euskal herritarra zen andrea, Villabona-Amasakoa (Gipuzkoa). Sofia Tato zuen izena, eta 42 urte zeuzkan. Azken urteetan Espainiako herri horretan bizi zen, hara ezkonduta. Hain justu, hilketarekin lotuta, haren bikotekidea atxilotu du Guardia Zibilak; lehen ikerketen arabera, labanaz hil zuen andrea.
Sorterrian salatu dute haren hilketa. 19:00etan, udalak deituta, elkarretaratzea egin dute Villabonako Errebote plazan, eta bertan izan dira, besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea.
Ordu erdi lehenago, manifestazioa egin dute herrian bertan, Malkar plazatik abiatuta, mugimendu feministak deituta. Matxismoak hiltzen gaitu, aurrean gaituzue lelopean, ehunka lagunek egin dute protesta azken hilketa matxistaren aurka.