Hainbat lagun elkartu dira gaur eguerdian Iruñeko Udaletxe plazan atzo Zaragozan (Espainia) hil zen emakumearen hilketa gaitzetsi eta emakumearen familiari eta haren gertukoei babesa eta elkartasuna helarazteko. Iruñeko Udalak deitu du biltzera, eta bat egin dute Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak. Minutu bateko isilunea egin dute.
Ainhoa Aznarez legebiltzarreko presidenteak, ganberaren izenean agiri bat irakurri du gaur, eta esan du "ikaragarria" izan dela emakumearen hilketa. Joan den urriaren 16an su bat piztu zen Iruñeko Kale Nagusiko etxebizitza batean, eta emakume bat larri zaurituta eraman zuten Zaragozako Miguel Servet ospitalera. Emakumea atzo hil zen jasandako erreduren ondorioz. Yolanda Jaen Gomez zuen izena, eta 50 urte zituen. Bezperan, haren bikotekidea espetxeratu zuen epaileak emakumea hiltzea leporatuta.
Arratsalderako mugimendu feministak beste mobilizazio batera deitu du 20:00etarako; Udaletxe plazan izango da hori ere. Nafarroako Gobernuak gaitzetsi egin du hilketa, eta jakinarazi du herri akusazio gisa aurkeztuko dela erasotzailearen aurkako auzibidean, gobernuak genero indarkeriaren aurka duen protokoloari jarraikiz. Gobernuak bat egin du bi mobilizazioekin.