Klima aldaketa

Azken hiru urteak neurtu diren beroenak izan dira

2017aren tenperatura orokorraren berri eman du Munduko Meteorologia Erakundeak. Orain arte neurtu diren hiru beroenen artean dago joan den urtea.

Artikoaren irudi bat. Han ari da berotzen planetan bereziki azkar. ANDONI CANELA
2018ko urtarrilaren 18a
17:27
Entzun

Berotegi efektuko gasen ondorioak mahai gainean jarri dituzte zientzialariek berriro ere. Oraingo honetan Munduko Meteorologia Erakundeak piztu du alarma, 2017ko tenperaturen berri eman baitu. Hala, ohartarazi du 2017a neurtu diren hiru urte beroenetako bat izan dela, 2015 eta 2016arekin batera. Alabaina, erakundeak ohartarazi du joan den urtean ez zela El Niño fenomenorik izan, 2016an ez bezala. Hain zuzen ere, fenomeno horrek berotze txiki bat eragin ohi du tenperaturetan. Hain zuzen ere, 2016an fenomeno horrek tenperaturen igoeran eragin zuela ohartarazi du Munduko Meteorologia Erakundeak, gaur zabaldu duen ohar baten bidez.

2016an munduko batez besteko tenperatura industria aurreko aroan baino 1,2 gradu beroagoa izan zen. 2017an, berriz, 1,1 gradu beroagoa, 2015ean bezalaxe. Meteorologia erakundeak, gainera, emaitza zehatzak baino gehiago, epe luzerako joera nabarmendu du. "Mende honetan izan dira ezagutu diren 18 urterik beroenetatik 17, eta azken hiru urteotako berotze globala ohiz kanpokoa izan da", nabarmendu du meteorologia erakundeko zuzendari nagusi Petteri Taalasek. "Artikoko beroa bereziki nabarmena izan da, eta horrek epe luzeko ondorio sakonak izango ditu itsas mailan eta munduko beste toki batzuetako patroi klimatikoetan". 2017ko munduaren batez besteko tenperatura 14,3 gradukoa izan zen, hau da, 1981etik 2010era bitarteko aldiko epeko batez besteko tenperatura baino 0,46 gradu beroagoa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.