Ekinen zuzendaritzako kide direla leporatuta Guardia Zibilak atzo atxilotutako bederatzi lagunak “militante politikoak” direla azaldu dute haien senide eta lagunek, eta euren jarduera “publikoa, gardena eta zilegia” dela aldarrikatu dute. Horrez gain, atxiloaldian jasan dezaketen tratuagatik “kezka eta ezinegona” agertu dute, Donostian gaur egin duten agerraldian. Erakunde eta eragileei dei berezia egin diete “arrisku larri” horren aurrean "jarrera garbia" har dezaten.
Senide eta lagunek adierazi dutenez, “oinarrizko eskubideak urratu” zaizkie bederatzi atxilotuei, bertzeak bertze, haien “lan politikoa debekatu” zaielako, eta inkomunikatuta dituztelako. Euskal Herriak “sufrimenduaren zirkulutik” atera behar duela aldarrikatu dute, eta horren harira, azken aldian “bakearen eta demokraziaren bidean oso pauso positiboak” eman direla uste dute. Atxiloketa hauekin hori “oztopatu” nahi izan dela salatu dute.
Azkenik, egoera honen aitzinean salaketa eta mobilizaziorako deia luzatu dute senide eta lagunek. Iragarri dute heldu den larunbatean manifestazioak eginen direla Bilbon -17:30ean Jesusen Bihotzatik-, Donostian -17:30ean Bulebarretik- eta Gasteizen -19:00etan Bilbo plazatik-. Hilaren 25ean -larunbata-, berriz, Iruñean eginen da laugarren manifestazioa -17:30ean, Gaztelu Plazatik-.
Abokatuen eskaera Grande-Marlaskari
Egoitz Garmendia, Erika Bilbao, Sandra Barrenetxea, Ugaitz Elizaran, Urko Aierbe, Rosa Iriarte, Joxe Aldasoro, Aniaitz Ariznabarreta eta Eneko Compainsek Guardia Zibilaren esku segitzen dute, inkomunikatuta. Atzo atxilotu zituzten Euskal Herrian eta Espainian. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendu zuen operazioa, eta 31 miaketa egin zituzten.
Defentsa abokatuek, torturak eta tratu txarrak saihesteko asmoz, atxiloaldi osoa kameraz grabatzeko, atxilotuek konfiantzazko medikuaren bisitak izateko eta senideek atxilotuen inguruko informazioa izateko eskaerak egin dizkiote Grande-Marlaskari, habeas corpus-a ere eskatu dute atxilotuentzat, baina epaileak ezezkoa eman die eskaera denei, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) gaur arratsaldean jakinarazi duenez.
Juan Kruz Aldasoro, atzo arratsaldetik aske
Etxarri-Aranazko miaketetan Juan Kruz Aldasoro atxilo eraman zuten -Joxe Aldasororen anaia da-, "aginteari eraso egitea" leporatuta. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur jakinarazi duenez, arratsalderako aske utzi zuten, baina akusazio harekin. Altsasuko kuartelean izan zuten aurrena, eta ondoren Iruñeko Guardia Epaitegira eraman zuten.
atxiloketak
Azken polizia operazioan atxilotutakoen jarduera politikoa "publikoa, gardena eta zilegia" dela aldarrikatu dute senide eta lagunek
Atxiloaldian jasan dezaketen egoeragatik "kezka eta ezinegona" agertu dute gaur Donostian egindako agerraldian. Grande Marlaska epaileak atzera bota ditu torturarik ez egoteko atxilotuen abokatuek egindako eskaera denak. Ekinen zuzendaritza direlakoan Guardia Zibilak bederatzi lagun atzeman zituen atzo Euskal Herrian eta Espainian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu