Azken sei egunetako positibo kopururik handiena Hego Euskal Herrian: 748

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako lehen datuen arabera, %19 handitu dira positiboak azken 24 ordutan. Egindako probetatik %6,6 eman dute positibo.

Antigeno testak, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU
2020ko abenduaren 3a
13:27
Entzun

Beheranzko joera eten dela dirudi, eta berriro ere zazpiehun kasutik gora daude Hego Euskal Herrian, iragan astean bezala. Izan ere, lau lurraldeetan azken hamalau egunetan batez beste 721 positibo izan ziren, eta atzo, berriz, 743 kasu atzeman zituzten, aurreko egunean baino %18 gehiago. Iparraldeko daturik ez dago. Gainera, Akitania Berriak astean behin ematen du departamendukako informazioa.

Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak baieztatu du kasu positiboen beheranzko joera moteldu egin dela azken egunetan. Garitanok dei egin die herritarrei Eguberrietan harreman sozialak ahalik eta gehien murriztera.

Araban izan ezik, gainerako lurraldeetan gora egin dute kutsatuen kopuruek. Araban, 94 atzeman dituzte, aurreko egunean baino %7 gutxiago; Bizkaian, 296, aurreko egunean baino %15 gehiago; Gipuzkoan, 241, aurreko egunean baino %23,6 gehiago, eta Nafarroan, 116, bezperan baino %78 gehiago.

Kontuan eduki behar da Nafarroaren kasuan, asteazkenean abuztuaren 18tik honako kopururik txikiena izan zutela. Hala ere, gorakada esanguratsua da, kontuan izanik ere lurraldean zubia hasi dela gaur. Gainerako lurraldeetan ere ikusteko dago datozen egunetako jaiek nola eragingo duten pandemiaren bilakaeran.

Orotara, atzo, 11.246 proba egin zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta, horien ondorioz, %6,6k eman dute positibo.

Aurreko egunetako joerari esker, ospitaleetako presioa gero eta arinagoa da. Ospitaleetan, 605 lagun daude oraintxe, urriaren 18tik hona kopururik txikiena, nahiz eta oraindik handia izan: horietatik, ZIUko oheetan 157 daude, aurreko egunean baino hiru gutxiago —bi gutxiago Osakidetzan eta bat gutxiago Osasunbidean; Osakidetzan 127 daude, eta Osasunbidean 30—. Solairuan, berriz, 448 daude, aurreko egunean baino 43 gutxiago —datuen arabera, ospitaleetan gaixo agiri baino sendagiri gehiago ematen ari dira oraintxe—.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du lau pertsona hil direla azken egunetan: bi atzo, eta beste bi aurreko egunetakoak; 67 eta 90 urte artekoak ziren. Azken eguneko datuak eguneratu zain, gutxienez 3.419 lagun hil dira Euskal Herrian pandemia hasiz geroztik, horietatik 890 Nafarroan.

Urkullu: «Pertsona, ardatz»

Bideokonferentzia bidezko jardunaldi batzuetan parte hartu du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak. Ekitaldi hori Jaurlaritzak antolatu du, ASLE Euskadiko Lan Sozietatearekin, Arizmendiarretaren Lagunak Elkartearekin eta Europako Batasunarekin batera —Parte hartzean oinarritutako enpresa eredu inklusiboa izan da konferentziaren gaia—. Urkulluk nabarmendu du pertsona dela politika publikoen ardatza pandemiaren garaiotan.

Halaber, osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka horren inguruan ere mintzatu da. Urkulluren ustez, oraintxeko lehentasuna dute osasun publikoa eta pertsona bakoitzaren segurtasun eta ongizatea bermatzea. Dena den, etorkizuna «aurreratzeko», funtsezko deritzo ere suspertze ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzeari: «Osasun pertsonala eta osasun ekonomikoa, horixe da guztion ondasun partekatua».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.