Barazar mendatea gainditu du zebra muskuiluak. Aurten lehen aldiz espezie inbaditzaile horren ale helduak antzeman dira Kantauriko isurialdean. Undurragako urtegian (Bizkaia), Arratia ibaiaren jaiotzetik gertu, animalia horren larbak detektatu zirela jakinarazi zuten uztailaren 8an, eta hil horren 22an ale helduak agertu ziren azterketa zehatzago batean. Gaur egun gutxi dira aurkitutako zebra muskuiluak, eta Uraren Agentziak jakinarazi du Arratian behera hedatzeko arriskua txikia dela. Ordea, Euskal Herrian zuen azken muga fisikoa gainditu du zebra muskuiluak. Mediterraneo isurialdetik Kantaurikora igaro da.
Ez da lehen aldia zebra muskuiluaren larbak Kantauri isurialdean agertzen direna. 2007an Lareoko urtegian (Gipuzkoa) agertu ziren, Ataundik gertu. Hanantzeman zuten larba kopurua txikia izan zen: bi larba 50 litroko; urtegian ezarri, eta ale helduak agertzeko beharko litzatekeena baino txikiagoa zen dentsitate hori. Orduan aurreikuspenak bete ziren, eta espeziea ez zen ezarri, egungo neurketek agerian uzten dutenez. Undurragan, ordea, larben kopurua bertsua zen arren, ezartzen hasi da, eta ikusteko dago zein bilakaera duen.
Etorkizuna ezbaian egon arren, zebra muskuiluak Barazar mendatea igarotzearen arrazoia jakina da. Gizakia izan da horren eragilea. Kasu honetan, Urrunagako urtegiaren (Araba) eta Urrunagakoaren artean dagoen loturatik heldu da, adituen arabera. Urtean 148 hektometro kubo jasotzen ditu Undurragak Zadorrako Sistemako urtegietatik. Argindarra sortzeko erabiltzen da ur hori, baita Bilbo-Bizkaiko Uren Partzuergoak kudeatzen duen ur horniketarako ere.
Isurialde batetik bestera ura mugiaraztearen ondorioz, areagotu egin da zebra muskuiluaren presentzia Undurragan mantentzeko arriskua; batez ere, kontuan hartuta Urrunagan ere larbak antzeman direla, eta etorkizunera begirako galderak sortu dira.
1. Hedapena
«Denok nahi genuen ahal zen beste atzeratzea albiste hau, baina senak esaten zigun gertatuko zen zerbait zela». Undurragako urtegian ale helduak aurkitu izanak hedatzeko arriskua areagotzen duela gogorarazi du Juan Antonio Martinek, Kantauriko Ur Konfederazioko Ingurumen eta Ikerketa Hidrologikoen Ikerketarako zerbitzuburuak. Undurragan agertu ostean, Kantauri isurialdeko beste arroetan kokatzeko arriskua areagotzen duela gaineratu du Ura EAEko uraren agentziak. Dena den, gertatuko denaren berri izatea zailtzen duten eragile batzuk daude Undurragako kasuan.
Lehenik eta behin, Kantauri isurialdean aurkitutako lehen ale helduen egoera berria da, Mediterraneoko isurialdearekin alderatuta. Ebro ibaiaren bukaerako urtegietan agertu zen lehenengoz zebra muskuilua 2002. urtean, eta ordutik ibaian gora egin du; gizakiaren eraginaren ondorioz, hein handi batean. Kantauri isurialdearen kasuan Undurragako urtegia Arratia ibaiaren hasieran dago. «Grabitatea izango da ibaian behera hedatzen lagunduko duena», nabarmendu du.
Dena den, ikusteko dago zebra muskuilua Undurragan ezarriko den. Larba eta ale helduen dentsitate baxua dago, eta horien kokapena ezohikoa da. «Zentraleko turbinen irteeran daude, ezohiko tokia edozein izaki bizidunentzat, uraren abiadura dela eta». Horrez gain, Kantauri isurialdeko ur masen ezaugarriak ez dira onenak zebra muskuilua gehiegi areagotu dadin, Ura EAEko uraren agentziak jakinarazi duenez. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ur masen gaitzikortasunari buruzko ikerketa ari dira egiten gaur egun.
Orain egiten ari diren azterketen emaitzek erakutsiko dute zein izan den bilakaera. Dena den, dauden emaitzak daudela, etorkizunera begirako arriskuak murriztu ahal izateko Urrunaga eta Undurraga artean larbak igaro ez daitezen, «edo igarotzea murrizteko» sistemaren bat jartzearen alde agertu da Juan Antonio Martin.
2. Kalte ekologikoak
Eragin ditzakeen kalte ekologikoak bide askotatik hel daitezke. Alde batetik, bertoko espezieei zuzenean eragindako kaltea dago. Margaritifera auricularia bibalbioa izan daiteke horren adibiderik garbiena. Ebro ibaian arriskuan dagoen ur gezako bibalbioa da, zebra muskuiluakmaskorrak ezartzen baititu, eta pilaketa handia denean bibalbio horiek hiltzera hel baitaitezke. Dena den, kalte nagusia ibaietan eragiten dituzten aldaketen ondorioz gertatzen dira.
Fitoplanktonaz elikatzen da zebra muskuilua, eta, kolonia handiak sor ditzakeenez, beste espezie askok behar duten janari hori hartzen dute. Horrez gain, fitoplankton maila jaistean ura gardenagoa da, eta eguzkiak ibaiaren hondora heltzea errazten du. Horren ondorioz, algen areagotzea gertatu da Ebroko zenbait tokitan, eta algen areagotzea euli beltzaren areagotzearekin lotu dute. Muskuiluak ekosisteman eragin dezakeen aldaketa «hondamendi ekologikotzat» jo dute.
3. Kalte ekonomikoak
Zebra muskuilua edonon ezartzen da, eta talde handiak sortzen ditu denbora gutxian. Hortaz, ibaitik ura hartzen duten enpresa eta ekimen guztiek, zein ur horiekin kontaktuan dauden azpiegiturek, eragin zuzena dute. Euskal Herrian nekazaritzan eragin du kalterik handiena, laborea ureztatzeko Ebro ibaitik ura hartzen dutenen artean; batez ere, Arabako Errioxan eta Erriberan...
Euskal Herriko datu bereizturik ez dago, baina, Ebroko Ur Konfederazioaren arabera, 2009an 4,3 milioi eurokoa izan zen zebra muskuiluak eragindako kalte ekonomikoa konfederazioaren barruko lurretan. Eragin horrek gora egin du urteak aurrera egin ahala. Hain zuzen ere, 2005. urtean eragin ekonomikoa 929.000 euro ingurukoa izan zen. 2005tik 2009ra arte 11,6 milioi euro jarri dira kalteak zuzentzeko.
Diru horretatik %55 administrazio publikoei dagokie. Zebra muskuilua Ebro ibaian atzeman zenean aurreikusi ez zen arren, administrazioak inbertsio handia egin du animalia horren hedapena kontrolatzeko. 2007tik 2010era arte, hori kontrolatzeko planean 7,1 milioi euro erabili zituzten, besteak beste.
Zebra muskuiluari aurre egiteko diru gehien jarri duen enpresa sektorea, berriz, energiarekin lotutakoa izan da. 2005etik 2009ra arte, hiru milioi euro erabili zituzten. Horien barruan, zentral hidroelektrikoez gain, Ebro ibaian dauden bi zentral nuklearrak daude: Asco (Katalunia) eta Garoña (Burgos, Espainia). Bi horiek Ebrotik hartzen dute ura, euren zentralak hozteko.
Ureztatze sareen jabeek ia milioi bat euro erabili zuten, zebra muskuiluaren kaltea murrizteko,2005 eta 2009 artean. Energiari ez dagokion industriak 667.000 euro erabili ditu horretarako. Astialdirako azpiegiturak 322.000 euro erabili ditu, eta ur horniketarako azpiegituretako jabeek, 285.000 euro. Horrez gain, kontuan hartu behar dira zebra muskuilua duten ontzietan eragindako kaltea, eta horien garbitzea eta mantentzea ere.
4. Nola aurre egin
Zebra muskuiluari ezin zaio etekin ekonomikorik atera: ez du gizakien elikadurarako balio, ezta abereak elikatzeko ere. Arazoa pairatzen dutenen ustez, horrek animalia horiei buruzko ikerketa gehiago galarazi dituela uste dute. Ordea, azken urteetan animalia horri aurre egiteko hainbat sistema ikertu dira, betiere zirkuitu itxietan.
Biobalak deitutakoa da azken sistema. Muskuiluarentzat hilgarria den pozoi bat beste gai batekin estaltzen da, eta zirkuitu itxi batera botatzen da. Irailaren bukaerara arteko saioa egin zuten Tarragonako ureztatze eremu batean, eta emaitza oso onak izan zirela nabarmendu dute. Tutuak ez kaltetzeaz gain, oso eraginkorra dela frogatu dute, eta erraz erabiltzen da. Ureztatze sasoia bukatzean erabiltzeko sistema egokitzat jo dute Ebroko Ur Konfederazioak.
Tuterako ureztatzaileek hidrogeno peroxidoa eta azido azetikoa tartekatzen dituen sistema erabiltzeko saioa egin dute, eta, emaitzak onak izan dira ere, uste du erabilitako kopuruak findu behar direla. Horren bitartez tratamendua merkeagoa izango dela nabarmendu dute. Larbak gelditzen dituzten iragazkiak erabiltzeko aukera baztertu dute, iragazkiaren prezioak ez bailuke bideragarria egingo horren erabilera. Ordea, Oion inguruan (Araba) sistema horren alde egin dute; 871.128 euroko iragazki lantegi bat kokatu zuten hango ureztatzea egiteko, Arabako aldundiak ordainduta neurri handi batean.
Sistema askotarikoak uztartuta egiten diote aurre muskuiluari beste enpresa batzuek. Garoñako zentral nuklearrak margo berezia erabiltzen du hozteko sistemaren barruan, boladako hipoklorazioa eta ikuskatze programa. «Ahalegin berezia» eskatzen ez badu ere ekonomikoki eragin handirik ez duela gaineratu dute Nuclenorrek.
Sistemak sistema, prebentzioa eta uren kontrola hedatzea dira kutsadura galarazteko modurikonena. Hego Euskal Herriko administrazio guztiak sentsibilizazio eta dibulgazio ekintzetan sartuta daude. Ordea, Europan eta Amerikan hedatzen ari den bezala Euskal Herrian ere hedatuko den susmoa dute aditurik gehienek. «Zebra muskuiluarekin bizitzera ohitu beharko dugu azkenean, gugan duen eragina txikituz», laburbildu du Martinek.
Espezie inbaditzaileak. Zebra muskuilua
Azken traba gainditu du
Undurragako urtegian zebra muskuiluaren ale helduak aurkitu ostean, Kantauri isurialdeko beste arro batzuetara hedatzeko arriskua areagotu egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu