19. Korrika

Azken txanpan da Korrika

Nafarroako Pirinioetatik Lizarra alderako bidea egin du lekukoak, eta gaur, Gasteiztik pasatuta, gero eta gertuago du Bilbo.Euskaraz bizitzeko nahia argi agertu diete nafarrek agintariei ibilbidean zehar

Lasterketa Garesko zubira iristen; atzean, Nafarroako herri horretan juntatu zen jende oldea ikusten da. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Lizarra
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Nafarroako Erriberako soroetatik Pirinioetarako mendietarako bidea egin du Korrikak. Gauez igaro ditu Oibarko, Nabaskozeko eta Otsagabi aldeko mendiak, eta Korrikaren punturik altuenean argitu du egunak: Abaurregainean. Lizarra aldea eta Sakana pasatuta, Gasteiz aldera egingo du gaur euskahaldunen lekukoak, Bilborako bidea hartzeko. Azken txanpan sartu da 19. Korrika.

Biztanle gutxiko eremuetatik pasatu zen atzo euskararen aldeko lasterketa, baina geratu gabe: dozena batetik beherako talderik ez zen falta izan ia bide osoan. 08:30ak pasatuta sartu zen Garraldan, eta bertako eskolako ikasleak ohi baino lehen mugitu ziren korrika egin ahal izateko. Mikel Zabalza zenaren familiak jarraitu zuen haien atzetik. 30. urteurrenean —Guardia Zibilaren eskuetan hil zen, 1985ean—, haren heriotzaren inguruko dokumentala grabatzen ari dira, eta Korrikako momentuak ere baliatu zituzten horretarako.

Azken egunetan ez bezala, eguzkia izan zuten lagun bide osoan lasterkariek, tarteka laino batzuek zerua estali arren. Aurizko herritik ez da pasatu aurten Korrika, baina, hala ere, egin dute ekarpena herritarrek: bost kilometro erosi dituzte. Besteak beste, Erroibarko Udalak ere osatu zuen bere zatia. Gogoz eraman zuten lekukoa Erroibarko gazteek, Nafarroako bandera eskuan hartuta.

Agoizkoa izan zen atzo punturik jendetsuenetakoa. Eguerdirako, herriko sarreran zain zeuden denak: haurrak margoz egindako petoak jantzita, inguruko euskaltzaleak, Euskal Herrian Euskaraz taldearen banderak... Ondo apaindua zuten herria. Eskolakoek ireki zuten bidea, eta haur eskolakoek jarraitu. Tartean, urduri zebilen gazte bat ere. Administrazio lanetan hasia da herrian, eta udalak hartutako kilometroa partekatu zuen herriko alkate Unai Lako Goñirekin. «Herrian gehiengo handi batek euskaraz ikasten du, baina kalean gutxiago egiten da», azaldu zuen Aitorrek.

«Euskaraz bizi nahi dugu»

Nafarroako beste leku askotan bezala, euskaraz bizitzeko nahia ozen erakutsi zuten atzo ere korrikalariek. Baita politikak aldatzekoa ere: Erregimena kanpora, euskaraz bizi nahi dugu leloa zuen pankarta bat eraman zuten bi gaztek Agoitzen, eta bidean ere nabarmendu zuten desio hori. Agintariei egindako oihuak ere etengabe entzun ziren: «Barcina, entzun, Nafarroa euskaldun». Lagun talde batek propio apaindu zuen furgoneta lelo horrekin.

Agoiztik Urrotzera, bata bestearen atzetik pasatu zuten lekukoa korrikalariek, paisaia eder bezain bakartietan. Maldan gora, maldan behera, lurralde gero eta lauagoetarantz. Han ibili zenPeio Martinez de Eulate pilotari eta Iruñeko zinegotzia ere. Euskara ikasten ari da azken urteetan, etagogoz lagundu zuen antolatzaile lanetan. Beste pilotari batek ere egin zituen kilometro batzuk, peto eta guzti: oraindik sasoian da Patxi Eugi.

Eskari handia Lizarran

Lakabe herri okupatuko biztanleak ere atera ziren bidera Nagore inguruan: korrika nahiz bizikletan, setati jarraitu zuten maldan gora txikienek ere. Eneritz, Obanos eta Gares giro ederrean pasatuta, iluntzean iritsi zen 19. Korrika Lizarrara. Harrera jendetsua egin zieten euskahaldunek. Tartean, herriko mintzaide taldekoek. Aurten, lehen aldiz hartu dute beren kilometroa. Ez ziren bakarrak izan. Antolatzaileek azaldu zutenez, eskari handia egon da, eta ohi baino gehiago zatitu behar izan dituzte lekuko aldaketen arteko tarteak, guztiei lekua uzteko. Sakanako ibarra zeharkatuta,

Araban sartuko da berriz 19. Korrika gaur. Goizez iritsiko da Gasteizera, eta, ohi bezala, jai handia izatea espero da: hiru bat ordu egingo ditu bertan. Hasi da atzerako kontua: 19. Korrikaren azken-aurreko eguna da gaur, bihar Bilbo hartu aurretik. Han emango da ezagutzera euskahaldunek eskuz esku eramandako mezua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.