Hanka jokoa atera du azken unean, eta zalaparta. Harrabotsa ere bai, isil-isilik zegoen gaia komunikabideetara eramanez. Kontua eztabaidagai ez izateko Harremanetarako Nazioarteko Taldearen (HNT) nahia hankaz gora jarriz. PPk Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordea utzi zuen asteazkenean, udalak HNTri Aieteko Bakearen Etxean bulego bat uzteko aukeragatik. «Zuzeneko erasoa da, eta probokazioa terrorismoaren biktimentzat. Ezin dugu onartu», esan zuen Ramon Gomez bozeramaileak.
Paul Riosek eman ditu gertatutakoaren xehetasunak, bere blogean. Han dioenez, Donostiako PPk duela hiru hilabetetik daki bulego hori uzteko aukeraren berri, baina denbora honetan guztian ez du inolako protestarik agertu, harik eta herenegun bulegoa uzteko hitzarmena sinatu behar zutenera arte. «PPrekin erabat desilusionatuta» dagoela dio Riosek: «PPk hiru hilabete eduki ditu kontrako iritzia adierazteko, baina hitzarmena onartu bezperara arte itxaron du». Politika egiteko modu «ez-eraikitzailea eta ez-gardena» izatea egotzi dio Lokarriko koordinatzaileak.
2011ko irailean hasi zen kontua. HNT Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearekin bildu zen. Beste hainbat gauzaren artean, lanerako toki baten beharraren berri eman zion HNTk Izagirreri. Alkateak segituan jarri zuen mahai gainean Bakearen Etxean bulego bat jartzeko aukera. HNTk segituan esan zuen ez zuela gai hori eztabaida politikorako aitzakia izaterik nahi, eta adierazi zuen Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdien artean «akordio zabala» egon ezean ez zuela aukera hori onartuko. Bide horretan, HNTk berak bilerak egin zituen Donostiako alkate ohiekin.
Aurtengo otsailera arte, geldirik egon da gaia, besteak beste, tartean Nazioarteko Bake Konferentzia egin delako Aieteko Jauregian. Otsailean heldu zioten gaiari berriz ere, eta Paul Riosek berak eskutitz bat bidali zien udaletxeko talde guztiei, proposamenaren berri emanez eta gaiari buruz hitz egiteko bilera eskatuz. PPk ez zion Riosen eskutitzari erantzun, behin eta berriz igorri zion arren, eta bilera egiteko prestasunik ere ez zuen agertu.
Udaleko Giza Eskubideen Batzordeak bilera egin zuen apirilean, eta HNTri bulego bat uzteko aukeraz hitz egin zuten. Riosen arabera, PPk ez zuen kexurik agertu. Tratua hitzarmen bitartez egiteko eskatu zuen, eta baldintzak zehazteko, baina ez zen agertu tratua egitearen kontra.
Hala adostu zuten hitzarmena: bi lagunentzako lekua izango zen, HNTk ordainetan udalari lagunduko zion hark eskatutako gaietan, eta telefonoaren, materialaren eta ordenagailuen gastuak HNTren esku geldituko ziren.
Hitzarmena onartzekoak ziren asteazkenean, baina PPk Giza Eskubideen Batzordetik alde egin zuen. Gomez bozeramaileak «onartezintzat» jo zuen HNTri egoitza uztea. «Lotsagarria da foro hau erabiltzea haien aldarrikapenetarako».
Azken uneko hanka jokoa
Proposamenaren jakitun izan arren, hiru hilabetean isilik egon ostean, PPk Giza Eskubideen Batzordea utzi du, HNTri Aieten bulego bat uzteko aukeragatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu