Hirugarren urtez jarraian, euskarak Interneten duen presentzia aztertu du Puntueus behatokiak. Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturarako diputatuak eta Josu Waliño Puntueuseko zuzendariak aurkeztu dute gaur, Bilbon, 2017ko datuen gaineko neurketaren emaitza. Orokorrean, datuak gutxi aldatu direla azaldu dute, baina, .eus domeinuei dagokienez, pozik azaldu dira azken urteko igoerarekin. %22 hazi da .eus duten webguneen kopurua, eta une honetan 8.100 daude erregistratuta.
Behatokiak hiru alor neurtu ditu: .eus domeinuaren egoera, Internet Euskal Herrian eta euskararen egoera Interneten. Azken alorrari dagokionez, euskarazko edukia duten webguneak 26.663 dira, Euskal Herriko webgune guztien %16. .eus-en kasuan, aldiz, euskarazko edukia dute domeinuen %90ek.
Euskal Herriko Interneteko datuei erreparatuz, domeinu mota nagusiak .com eta .es dira. Webgune guztien %49 eta %25 hurrenez hurren. .eus, berriz, %3 baino ez da oraingoz; seigarrena Euskal Herriko domeinu moten sailkapenean. Hala ere, aurtengo hazkundea ikusita, Waliñok adierazi du 2020rako Euskal Herriko hirugarren erabiliena izatea espero dutela.
Enpresak dira erabiltzaile nagusiak
“Antzeko tamainako domeinuekin alderatuz, hazkunde ona eta jarraitua du”, adierazi du Waliñok. Domeinuaren banaketa tipologikoa eta geografikoa ere neurtu dute. .eus-en hazkundea bereziki enpresetan ari dela gertatzen azaldu du. Une honetan, kuotaren ia erdia dute, %43. Banaketa geografikoari dagokionez, indartsuena Gipuzkoak jarraitzen du izaten, baina azken urtean Bizkaia hasi da azkarrago.