“Immigrazioaren irudia hobetzeko giroa” atzeman du Ikuspegiren 2016ko Barometroak. Gorka Moreno Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak zehaztu du giro hori, jarrera horiek, “oso lotuak” daudela lan merkatuaren bilakaerarekin. Hortaz, hobekuntza testuinguru horretan uler daitezke datuen hobekuntza.
Behatokiak gizartearen tolerantzia indizea aztertzen hasi zenetik inoizko daturik handiena jaso du 2016ko ikerlanak. Ordea, hoberako bilakaera txiki bat antzeman arren, aurreko urteetan antzemandako gizartearen jarrera anbibalenteak mantentzen dira. Hau da, gizarteak harrera irekia eta tolerantea du asiloa, hezkuntza eta osasun gaietan; aldiz, mesfidantza erakusten du kulturarekin eta gizarte babesarekin lotutako gaien inguruan.
Morenok argitu du errefuxiatuen aurreko jarrerak hobera egin duela urte batean. Iazko Barometroan, errefuxiaturik hartzearen aurkakoak %7 ziren, eta, aurten, %4,5. Kontrara, mugarik gabe hartzearen aldekoak inoiz baino gehiago dira, %29,8; errefuxiatuak ihesean daudela egiaztatu ondoren hartzearen aldekoak %41; eta, azkenik, urtean kopuru jakin bat hartzearen aldekoak %15,8 dira.