Atentatuak Madrilen: 190 hildako

Azken zenbaketa ofizialaren arabera, 190 dira hildakoak eta 1.200etik gora zaurituak

Madrilen hamahiru leherketa izan direla nabarmendu du Espainiako Barne Ministro Angel Acebesek. Madril eta Guadalajara arteko trenbide sareko lau geltokitan bederatzi lehergailu zartarazi dituzte gaur goizeko 07:35etatik 08:00etara bitartean, milaka pertsona trenean zirenean. Atocha geltokian hiru leherketa izan direla esan du Acebesek, eta 30 lagun hil direla; Santa Eugenia geltokian leherketa bat, 17 lagun hilez, eta El Pozo geltokian bost, 17 lagun hilez. Halaber, Madrileko Tellez kaleko geltokian beste lau leherketa gertatu dira, 59 lagun hilez. Horrez gain, Espainiako Segurtasun Indarretako artezilariek hiru leherketa kontrolatu egin dituztela nabarmendu du. Espainiako Barne Ministerioak kaleratu duen azken zenbaketaren arabera, 190 dira hildakoak eta 1.247 zaurituak. Acebesek ETAri leporatu dizkio gaurko atentatuak, eta erabilitako lehergaia titadinea izan dela ziurtatu du; hots, normalean ETAk erabiltzen duena.

2004ko martxoaren 11
20:30
Entzun
Zaurituen kopurua oso handia da, eta Samurreko langileek jakitera eman dutenez, eguerdirako 350 pertsona baino gehiago artatu dituzte Madrilgo erietxeetan. Madrilgo erietxe batzuk herritarrei odola ematera joateko eskatzen aritu dira goizean goiztik, baina momentuz eskaera hori asetuta dutela nabarmendu dute, eta bihar eta etzi odola beharko dela gogorarazi dute.

Hildakoen gorpuak Madrileko Juan Carlos I Azokara eraman dituzte, Ifemako 6. zenbakira. Madrileko Gobernuaren ordezkaritzak larrialdi plan bat jarri du abian, eta zaurituta dauden ehunka lagunak Madrileko erietxeetara eraman dituzte anbulantzietan, autobusetan, polizia autoetan eta partikularren autoetan. 12 de Octubre, Gregorio Marañon, Clinico, La Princesa eta Getafe erietxeak gainezka daude nabarmendu dute.

Horrez gain, Santa Eugenian eta Retiro parkean kanpainazko erietxeak antolatu dituzte. Espainiako Barne Ministerioak eta Renfek zenbait telefono jarri dituzte martxan biktimei buruzko informazioa emateko: 900.150.000, 902.150.003, 900.200.222 eta 902.200.215 dira telefono zenbaki horiek. Espainiako Poliziak beste telefono bat jarri du: 91.586.70.00 .

Oro har, leherketek Madril guztia hankaz gora jarri dutela diote handik iritsitako informazioek. Izan ere, jendea lanerako ateratzen den orduan gertatu dira atentatuak, eta trenbide sarea oztopatuta dagoenez, eta beldurra nagusitu denez, kaosa sortu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.