Duela hiru urte gertatu zen, 2012an. Baina, oraindik ere, “barru-barruan” du. Barru-barruan sentitzen du. Espainiako Poliziak botatako gomazko pilota batek eskuineko begian jo zuen, eta, ondorioz, ikusmena galdu zuen. Larriagoa izan zitekeela badaki. Milimetro gutxikoa dela ikusmena galtzearen eta heriotzaren arteko distantzia. Onartu du: “Gorrotoa sentitu nuen denbora luzez”. Gauez, loak harrapatzen ez zuen egun haietan, mendekua irudikatzen zuen bere buruan. Amak sentimendu horiek askatu behar zituela erran zion arte. “Gorrotoak niri egiten zidan min gehien; eta ikasi nuen bazter uzten”. Hunkitu egin da Aingeru Zudaire (Atarrabia, 1983) pasadizo hori kontatu duenean. Barruan duelako. Pilotakadak emandako kolpea; bai eta justizia ezak emandakoa ere. Epaitegietako bidea ez du bukatu, baina, oraingoz, Zudaire ez dute Poliziaren biktimatzat hartu. Inork ez du ardura bere gain hartu.
Justizia eskatzeko, hain zuzen ere, giza katea eginen dute bihar Atarrabian, Zudaireren sorterrian. 17:00etan abiatuko da, Udal plazatik, eta askaria eginen dute gero. Justizia eskatuko dute Zudairerentzat, bai eta Poliziaren indarkeriaren gainerako biktimentzat ere. Ez baita bakarra.
Poliziak gomazko pilotekin eragindako biktimen zerrenda luzea da. Zudaire ez da lehendabizikoa izan. Baina azkena izan nahi duela hagitz argi du. Helburu horrekin sortu dute OJO Justizia plataforma. Mahai gainean jarri nahi dute auzia, berriz ere, gomazko pilotak eta gisako materialak erabiltzea debeka dezaten, eta bertze Polizia eredu baten alde egiteko.
Hori lortzeko lan egiteak pilotakadak utzitako arrastoa arintzen laguntzen diola onartu du Zudairek. Begian eragindako min fisikoaz harago, gertatu zenak utzi dizkion ondorio psikologikoak dira kudeatzen zailenak. Familiaren, lagunen eta herritarren babesa sentitu, eta biziki eskertu egin du.
Babes hori funtsezkoa izan da 2012ko irailaren 26tik egindako bidean. Greba eguna zen hura, eta Sarasate pasealekuan gertatu oldarraldian pilotakada jaso zuen Zudairek. “Azkar gertatu zen dena; poliziak ari ziren jada atzera egiten; azken tiroak bota zituzten, eta haietako batek jo ninduen. Poliziak ez ziren protokoloa betetzen ari. Nire aurrean zegoen jendearen gainetik ikusi nituen pilotak pasatzen; alde egitea erabaki nuen, baina momentu horretan jaso nuen kolpea”.
Poliziaren protokoloak dio gutxienez 50 metroko distantziatik bota behar dituztela gomazko pilotak, eta, betiere, lurrera. Pilotek ezin dute pertsona zuzenean jo. 2012ko irailaren 26 hartan gauzak ez zirela horrela gertatu nabarmendu du Zudairek. “14 metrotik edo egin zidaten tiro”. 54 milimetroko diametroa dute gomazko pilotek, eta 85-92 gramoko pisua. Eskopetek 720 kilometro orduko abiaduran jaurtitzen dituzte.
Kolpearen ondorioz, momentuan galdu zuen Zudairek ikusmena. “Eskuak aurpegira eraman, eta odoletan nintzela konturatu nintzen. Argi nuen larria zela”. Lagun batek Gazteluko plazara eraman zuen, eta han, Geroa Baiko parlamentario Koldo Martinezek artatu zuen. Medikua da. “Ospitalera berehala joateko esan zidan”.
Halaxe egin zuen. Sei egun egin zituen erietxean. Denera, hiru ebakuntza egin dizkiote begian. Eta laugarren bat egin beharko ote dioten beldur da. Prozesua gogorra izan dela azaldu du Zudairek. Ebakuntza horietako baten ondorioz, astebete eman behar izan zuen lurrera begira. “Bizkarreko mina ikaragarria izan zen. Pilulak hartu behar izan nituen. Oso gogorra izan zen”.
Egindakoari bueltaka
Hasieratik argi izan zuen Zudairek ikusmena galduko zuela. “%0,2 baino ez dut ikusten”. Koloreen arteko kontrastea suma dezake, baina ezer gutxi gehiago. Nabarmendu du hainbat urtez behin eta berriz pentsatu zuela 2012ko egun hartan gertatutakoaz, egindakoaz. “Pilotakada jaso arte egindakoa errepasatzen nuen, eta nire buruari galdetzen nion zergatik ote nengoen han une hartan”.
Bigarrenez ebakuntza egin behar ziotela erran ziotenekoa ekarri du gogora. Medikuaren kontsultatik atera, eta aulki gurpilduna erabili behar zuen emakume batekin egin zuen topo. Haren semeak, gainera, minbizia zuen. “Eta hala ere, irribarrea erakusten zuen. Bizitzak zaplazteko ederra eman zidan une hartan. Lortu dut aurrera egitea; ez da gutxi”. Gertatukoaren ondorioz sortu zaizkion “mamuak” hor daudela aitortu du, hala ere. Jasotako kolpeak sortu dizkion beldurrak, alegia. “Hasieran, haizearen beldur nintzen; begian zerbait sartzeko aukerak ikara eragiten zidan”.
Pilotakada jaso izana salatu zuen Zudairek epaitegietan. Baina, oraingoz, epaileek ez dute haren alde egin. “Azken autoak neurrikotzat eta arrazionaltzat jo zuen Poliziaren erantzuna. Erabat harritu ninduen ebazpenak”. Ardurak eskatzekotan greba antolatu zuten sindikatuengana jotzeko gomendatu zion epaileak, gainera. Zudairek argi du zaila izanen dela pilota jaurti zuen polizia identifikatzea; estatuak ere erantzukizuna baduela uste du, polizia batek zauritu zuelako.
Bide horretan hurrengo urratsak egiteko zain da Zudaire. Joanes Molina (Iruñea, 1978) aspaldi ailegatu zen bide horretako helmugara. Eta ez zuen deus lortu. “Estatuarentzat karrikan erori zen norbait naiz”. Ezkerreko begiko ikusmena galdu zuen Molinak, 1994. urteko ekainean. Hamasei urteko nerabea zen. “Adin txoroa kolpe batean pasatu egin zitzaidan”.
1994ko ekaineko egun hartan Euskal Jai gaztetxea husten saiatu ziren. “Alde Zaharra poliziez beteta zegoen; lagunekin nintzen, eta iskanbila bazela ikusi eta gero, alde egitea erabaki genuen. Giroa lasaitu zenean, ilunabarrean, itzultzea erabaki nuen, Alde Zaharrean bizi bainintzen”.
Zudairek bezala, egun hartan egindako urratsak behin eta berriz gogora ekarri dituela nabarmendu du Molinak. “Hamaika aldiz galdetu diot nire buruari zergatik ez nintzen lagunen baten etxean gelditu; zergatik egon nintzen lehengusuarekin hizketan etxera bidean; eta etxeko atariaren ondora ailegatu nintzenean, zergatik geldituko ote nintzen leihoan zegoen anaiarekin hitz egiten”.
Etxera sartu nahi izan zuenerako, poliziak Carmen karrikatik ari ziren hurbiltzen. “Redin karrikara joan, baina han ere Poliziarekin egin nuen topo”. Autoen artean gelditu zen. Bakarrik. Ateratzeko urratsa egin zuenean, haren kontra egin zuten. Hamasei urte zituen. Bakarrik zen. Eta tiro egin zioten. “Lehen pilotak ez ninduen jo; bigarrenak, betean”.
Ezkerreko begian jaso zuen pilotakada. “Ikusmena berehala galdu nuen”. Poliziek hartu zutela gogoan du. “‘Hau da zure borrokak ekartzen duena’, erran zidan batek. Bertze batek, gero, lurrean aurkitu nindutela erran zidan, harrikadaren bat edo hartu izanen nuela. Argi nuen haiek eman zidatela pilotakada”. Medikuek ere halaxe jaso zuten txostenean, baina epaileak ez zuen kontuan hartu.
Ospitalean amaren malkoak zituen zain. “Hori izan zen okerrena. Errudun sentitzen nintzen, ama negarrez ikusita”. Zainketa Intentsiboetako Unitatera eraman zuten. Begian zuen kolpea; baina ez hori bakarrik. Burmuinean aire-burbuila zuen, eta masailalboko hezurra hautsita. “Begian bakarrik egin behar izan zidaten ebakuntza; masailalboko hezurra bere kasa batu zen, eta burmuineko burbuila ere berez desagertu zen”.
Ospitalean bi aste egin zituen Molinak. Sendatzeko prozesua, hala ere, luzeagoa izan zen. Ezkerreko begian protesia jarri behar izan zioten. Ikusmena galdu izana baino gogorragoa izan zen harentzat, hala ere, pilotakadak aurpegian utzitako arrastoari aurre egin behar izana. “Munstro bat nintzen; halaxe ikusten nuen nire burua. Kolpe latza izan zen. Ez nuen nire burua gustuko”. Oraindik ere, norbait ezagutzeko unea behar baino zailagoa egiten zaiola onartu du Molinak.
21 urte pasa dira, eta ordukoak gainditu dituela erran du. Hala ere, duela hiru urte hartu zuen, lehenengoz, bere historia kontatzeko erabakia. “Katalunian hainbat gaztek begietako protesiak kendu zituzten, jasotako pilotakadak salatzeko. Irudi horrek hunkitu ninduen, eta gutun bat idaztea erabaki nuen”. Horretan ari zela jaso zuen Iñigo Cabacasen heriotzaren berri. Ertzaintzak jaurtikitako pilotakada baten ondorioz hil zen, Bilbon.
Heriotza horren aurrean, Molinak gogoratu du zorionekotzat jo zuela bere burua. “Zaurituta, begi bateko ikusmena gabe, baina bizirik nintzelako. Sentsazio bitxia izan zen”.
Sentimendu hori ongi ulertzen du Edurne Txurrukak. 1993an bizi izandakoak gogora ekarri zituen Aingeru Zudaire zauritu zutenean. 1993an, Txuma Olaberri izan zen Poliziaren pilotakada baten biktima. Atarrabiakoa da Olaberri ere. Txurrukaren lagun taldekoa. “Buruan jaso zuen kolpea; hilko zela uste genuen. Bizirik atera zen, baina bizitza desegin zion kolpeak”. Ikasi behar izan zuen berriz hitz egiten eta ibiltzen. “Baina jada ez da lehen zena; ume bat da”.
Lagun taldeko gazte alaia eta jatorra du gogoan Txurrukak; lagun arteko orduko giroa. Pilotakada batek betiko puskatu zuena. Min egiten dio, batez ere, Poliziaren zigorgabetasunak, eta amorrua eragiten dio horrek. Poztu da, ordea, Zudairek jende anitz baduelako ondoan. “Ezberdina izan zen 1993an; orain jendea gehiago mugitzen da”. Bihar, hain justu, karrikara aterako dira herritarrak, pilotakadek eragindako biktima guztien alde.