Asteazkenean Faltzesen (Nafarroa) piztutako sutea ustez eragiteagatik atxilotutako bost lagunak aske geratu dira. Dena den, bostak daude inputatuta. Tafallako Epaitegiak atxilotuetako hiruri egotzi die sutearen ardura, eta, beraz, basoa erretzearen delitua leporatu die. Beste biei, berriz, osasun publikoaren aurkako delitua egotzi diete, foru poliziak drogak aurkitu baitzituen sua piztutako gunean.
Ustez, atxilotuek mendian piztuta utzitako arranparrila batek eragin zuen sutea, asteazken arratsaldean, Faltzesko udalerrian dagoen etxola batean (Nafarroa). Berri agentziek ikerketa iturriak aipatuta adierazi zutenez, bildots batzuen azalak erretzen ari ziren ustez, eta ez zuten sua amatatu. Hain justu, gune horretan sua piztea debekatuta dagoela gogorarazi du Nafarroako Foruzaingoak. Etxolaren inguruan frogak bildu ostean atzeman zituzten bost lagunak asteazkenean. Atxilotuak lau gizonezko eta emakumezko bat dira, Faltzesko bizilagunak denak.
Atxilotuetako bi ostegun gauean geratu ziren aske, sutearekin zerikusirik ez dutelakoan. Aldiz, etxolaren inguruko marihuana landareekin lotu dituzte, eta, hala, osasun publikoaren aurkako delitua egotzi diete. Datozen egunotan epailearen aurrean deklaratu beharko dute auzi horregatik.
Beste hirurek atzo deklaratu zuten epailearen aurrean, eta sutea eragindako sua piztu izana ukatu zuten. Edonola ere, basoa erretzea leporatu zien epaileak, baina espetxeratzeko arrazoirik ez zegoela argudiatuta, libre utzi zituen hirurak, bermerik ordaindu gabe. Dena den, Espainiako Estatutik ateratzea debekatu die, eta hilaren lehenengo eta hamabosgarren egunetan epaitegira joan beharko dute. 33, 35 eta 37 urteko gizonak dira inputatuak.
Suteak 350 hektarea inguru kiskali ditu Faltzesen. Asteazken arratsean piztu eta azkar hedatu zen, beroaren, ipar haizearen eta sastraka idortuen ondorioz. Une arriskutsuena asteazken iluntzean izan zen, sua Azkoiengo herrigunera hurbildu baitzen eta bi kilometroko ke hodeia herriaren gainera heldu baitzen. 500 bizilagun inguru ebakuatu behar izan zituzten, eta udal kiroldegian egin zuten lo. Dena den, ez zen zauriturik izan, ezta kalte materialik ere, eta herritarrak biharamunean itzuli ziren etxera.
Erabat itzalita
90 suhiltzailek, lau helikopterok, lau hegazkinek eta 224 militarrek hartu dute parte egunotan sua itzaltzeko lanetan. Ostegun goizean kontrolpean geratu zen sutea, eta iluntze aldera lortu zuten su txiki guztiak erabat itzaltzea. Atzo goizez, baina, zortzi suhiltzaile talde ibili ziren inguruan, kiskalitako gunea ikuskatzen.
Hain justu, erretako basoak eragin du kezka Azkoiengo Udalean. Kiskalitako 350 hektareatan, pinuak, haritzak, sasiak eta labore lurrak zeuden. Herriko «ingurune ekologikorik garrantzitsuenetakoa» da, Juan Carlos Castillo Hirigintza eta Industria zinegotziak herenegun BERRIAri adierazi zionez. Sua guztiz itzali ostean aztertu beharko du udalak eremu hori nola birlandatu, baina Castillok aurreratu zuen gune batzuetan aukera gutxi egongo dela: «Lur azpia oso baldintza txarretan dago, eta ezingo da berriro pinurik landatu».
Azkoiengo suteagatik atxilotutako hiruri basoa erretzea egotzi diete
Sua piztu izana ukatu dute inputatutako hiru lagunek; atxilotu guztiak libre daude dagoeneko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu