HILKETA

Azkoitiko leizeko krimenagatik 15, 16 eta 22 urtera zigortu dituzte akusatuak

2009ko ekainean, Erandioko gizon bat hil zuten Elgoibarren. Dirua ostu eta Azkoitiko leize batean utzi zuten gorpua. Akusatuak errudun joak zituzten. Epaia ezagutu da gaur.

2012ko abenduaren 11
21:41
Entzun

Azkoitiko leize batean hilik aurkitu zuten gizon baten heriotzagatik 15, 16 eta 22 urteko kartzela zigorrak jarri dizkiete akusatuei. Hiru ziren hilketaz akusatuak, eta hirurak zigortu dituzte, EFE albisteak jakitera eman duenez. Erandiokoa zen hildako gizona, Bizkaikoa.

2009ko ekainaren 12an gertatu zen hilketa. Epaiak frogatutzat ematen du hiru akusatuek beste gizona engainatu zutela, droga trafikoarekin zerikusia zuen ustezko negozio baten aitzakian eraman zutela Elgoibarko (Gipuzkoa) enpresa batera, eta bertan hil zutela kolpeka. Eskatutako dirua ostu zioten gero, ebazpenaren arabera.

Gorpua Azkoitiko leize batera eraman zuten hiltzaileek, Madarixa auzora. Bi hilabetez egon zen gorpua han. Abuztuan aurkitu zuten espeleologo batzuek.

Akusatuetako bati, hilketa delituaz gainera, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzi diote, etxean anfetamina atzeman ziotela leporatuta.

Beste akusatuetako bati hamasei urteko kartzela zigorra eman dio epaileak, hilketa leporatuta. Hirugarrenari, berriz, hamabost urtekoa; azken hori hilketa burutzeko laguntzaile ezinbestekoa izan zela uste du epaileak.

Hildako gizonaren alabari 65.000 euro eta interesak ordaintzera ere behartu ditu epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.