Autoan jasotzen denez, Azkoyen enpresako administrazio kontseiluak erabaki zuen Ignacio Moreno zuzendari ohiak zuzenean kudeatuko zuela iraultza zergaren ordainketa. Hala, Garzonek uste du Morenok Martinez Lizarduikoaregana jo zuela ETArekin harremanetan jartzen lagun ziezaion, eta, halaber, Jesus Marcos Calahorrari eman ziola ordainketa gauzatzeko enkargua.
Dena den, Calahorra atzo aske utzi zuen 20.000 euroko bermea ordainditua, eta gauza bera egin du gaur bere kabuz deklaratzera agertu den Moreno zuzendari nagusi ohiarekin. Bi pertsona horien kasuan ez dagoela ihes egiteko eta ikerketa oztopatzeko arriskurik argudiatu du Garzonek. Martinez Lizarduikoa aske utziz gero, ordea, arriskua legokeela iritzi dio.
Nolanahi ere, gaur goizean EHUko irakaslearen atxiloketari buruzko informazio ofizialik gabe segitzen zuen haren familiak. Zekitena, hau da, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zutela, eta ETAren zerga iraultzailearen ordainketan bitartekari izatea leporatzen diotela, Espainiako albiste agentzien eta komunikabideen bidez jakin dute.
Martinez Lizarduikoa EHUko Filosofia Fakultateko irakaslea da, eta fakultate horrek atxilotzeko modua salatu du, eta Martinez Lizarduikoa torturatua izan daitekeela-eta kezka agertu du. Elkarretaratzea egin dute 12:30etan fakultatearen atarian.
Logika eta Zientziaren Filosofia Departamenduko irakaslea da Martinez Lizarduikoa, eta haren lankide Jesus Mari Larrazabalek agertu duenez, kezkatuta daude; batik bat, informazio gabeziagatik. "Ematen du Madrilen dagoela, baina ez familiak, ez unibertsitateak, ez dute informazio ofizialik. Unibertsitateko arduradunak saiatu dirainformazioa lortzen, baina ez diete eman. Beraz, suposatzen da Madrilen dagoela, Espainiako Poliziaren egoitza batean, baina berri ofizialik ez dago", azaldu du.
Atxilotuaren familiak gogor salatu du Espainiako Poliziak Martinez Lizarduikoa eraman zuen modua. Izan ere, sendiari ez zioten atxiloketaren berririk eman, eta, gainera, semeak atxiloketa agindua eskatu zienean erakutsi ordez, Martinez Lizarduikoa zeramaten autoa azeleratu eta alde egin zuten. Atxilotuaren emazteak, Alizia Stürtze historialariak, bahiketatzat jo zuen senarrarekin egindakoa.
Atxiloketa
Azkoyen enpresako buruen eta ETAren arteko bitartekaritza lana egitea egotzi dio Garzonek Martinez Lizarduikoari
Nafarroako Azkoyen enpresako buruek ETAri egin zizkioten ordainketekin lotu du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Alfontso Martinez Lizarduikoaren atxiloketa eta espetxeratzea. Garzonek plazaratu duen autoaren arabera, 222.374 euro ordaindu zikion Azkoyenek ETAri, erakundeak zerga iraultzailea eskatu ondoren. Ordainketak 2001ean amaitu zirela dio, enpresaren izenean Ignacio Moreno zuzendari nagusi ohiak jardun zuela, eta Martinez Lizarduikoak lagundu ziola ETArekin harremanetan jartzen. Moreno aske utzi du 20.000 euroko bermea ordainduta. Halaber, bermepean aske utzi zuen atzo Jesus Marcos Calahorra Azkoyeneko kontabilitate buru ohia. Garzonen iduriko, Calahorra izan zen ordainketa gauzatu zuen pertsona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu