Azkuna, bilbotarren artean bilbotarrena

Bilbo nazioartean erakutsi nahi izateagatik eta «handinahikerian» aritzeagatik auzoen eta herritarren beharrak alboratzea egotzi diote oposizioko taldeek Iñaki Azkuna alkateari.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2007ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Proiektu handien laguna. Eraikin eta ekimen erraldoiena. Bilbo mundura begira, eta batez ere, mundua Bilbori begira jartzearen aldekoa. Nazioartean agertu nahian aritzen dena, Bilbo «munduko mapan jartzea» helburu hartuta. Baina kanpora begirako handitasuna bilatu nahiak handikeriara darama Iñaki Azkuna, oposizioaren begietan. Azaleko Bilbok bertakoak ahanzturan uzten dituela diote. Foko guztiak Bilboren erdigunera bideratzeak, auzoak iluntasunean uzten dituela. Auzoak albo batera uztea eta herritarren parte hartzea ukatzea egozten diote. Hiria «jauntxo» baten moduan kudeatzea.

«Herritarrei bizkar emanda» aritu da Azkuna, Txema Oleaga PSE-EEren alkategaiaren esanetan. Herritarren parte hartzea galarazi egin duela eta elkar-ulertzea bilatu ordez inposatu egin duela. «Gobernatzean jauntxo jarrera du askotan. Eztabaidatu beharreko gaia gustuko ez duenean uko egiten dio bozeramaileen batzordea biltzeko deia egiteari!».



«JAUNTXOA».Zuriñe Zorrozua Herria Aurrera plataformako kideak ere «jauntxo» hitza erabiltzen du alkateaz mintzatzean. «Nahi duen moduan kudeatzen du Udala eta gainontzekoekin bere plebeioak balira bezala aritzen da». Alkate jeltzaleak gobernuko kide izan dituen EA eta EB-Berdeak Azkunaren «sostengu hutsa» izan direla dio, eta Udaleko gainerako alderdiek ez dutela inolako oposiziorik egin. Adibiderik garbiena azken lau urteotan udalbatzek izan duten iraupena dela uste du. Beste garai batzuetan goiz eta arratsaldez luzatzen ziren batzarrak ordu erdira murriztu dira.

«Fokoei» eta «erakusleihoari» buruz mintzatzean ere bat egiten dute PSE-EEko eta Herria Aurrerako ordezkariek. «Argiztatutako Bilbo bat sortzen ari da, eraldatzen ari dena eta nazioarteko sariak jaso dituena», azaltzen du Oleagak. Horretarako «ahalegin ekonomiko handia» egin den arren, «nahiko ondo» eraldatzen ari dela uste du PSE-EEkoak. Baina horrek beste alde bat ekarri duela deritzo. «Auzoen aldeko legegintzaldia izan behar zuena ezerezean» geratu dela. «Gabezia izugarriak» aipatzen hasita, Zurbaranbarriko gune batzuetan ez dagoela oinarrizko beharrak asetzeko azpiegiturarik azaldu du; «ogia erosteko dendarik ere ez». Auzo askotan garraio publikoa ere hutsala dela dio.

«Alkatearen nortasunaren» adierazgarri dira halako egoerak Oleagaren esanetan. «Handinahikeriaren» erakusle. «Bilbok aisialdi, turismo eta ekimen handien hiria soilik izan behar duela uste du eta ez da konturatzen Guggenheimari lotuta soilik ezin dela bizi».

«Izugarrikerietara» eraman du alkatea jarrera horrek bai PSE-EEkoaren eta bai Herria Aurrerakoaren ustez. World Series ekimena aipatzen dute biek adibidetzat. Bilboko erdigunea formula 1-eko zirkuitu gune bilakatu nahi izan zuen 2005ean eta asmoak protesta ugari sortu zituen arren, egin egin zuen. Bilboko kale nagusiak itxita izan zituzten asteetan, errepideak kotxe leihaketetarako bereziki eginak diren asfaltoz ordezkatu zituen. Asteburu bakarrerako 14 milioi euro xahutu zituen.

Bilbo «mapan» jartzeko saioa izan zen Oleagaren ustez, eta «erabateko porrota». Ekimena ez zen errepikatu, baina horren ordez izen handiko musikariekin kontzertu erraldoia antolatu zuen, nazioartetik milaka pertsona etor zitezen. Aurten jarraipena emango dio milioika euroko aurrekontua duen ekimenari.

Isozaki dorreak (Bilboko altuenak) eta Zubi Zuri ditu beste bi adibide garbi Zorrozuak. Egingarriak diren aztertu gabe handinahiaren poderioz eginiko proiektuen adierazgarri. Dirutza xahutu zuten Calatrabak diseinatutako zubia egiteko eta liskarrak izan dira nagusi hasieratik. Kristalezko zorua etengabe hausten da eta irristakorra da gainera. Zauritu ugari egon dira. Zubia eta dorreen arteko lotura «nahi zuen moduan» egin izanagatik auzitegian salatu du Calatrabak Azkuna. «Zubia gaizki egina badago ez da nire errua», esan izan du Azkunak.

Alkatearen adierazpenek eman dute zeresanik. Eta horiexek dira, Herria Aurrerakoaren hitzetan, bere izaeraren adierazgarriak. Iaz etxegabeko bat zakarrontzian lotan zegoela hil zutenean, kalean lo egiten bazuen «gaizkilea» zelako izango zela adierazi zuen alkateak. Zenbait lapurreten aurrean, «labanadunei gerra» egin behar zitzaiela esan zuen. Etorkinak, gaizkileekin parekatu ditu sarritan.

Bien bitartean, pobrezia tasa etengabe hazten ari dela salatu du Zorrozuak. «Aberastasun gehien sortzen duen hiria eta aldi berean gutxien banatzen» duena dela.



ZIGORREN EREDUA. Herria Aurrerak gustoko ez duen gizarte eredua eraikitzen ari da Azkuna. Gizarte arazoak elkarrizketa eta heziketaren bidez konpondu ordez«zigor bidez» kitatu nahi dituela salatu du Zorrozuak. Kale edana saihesteko poliziak gehitu, isunak jarri eta gazteak erdigunetik kanporatzeko neurriak hartu ditu ordenantza batekin. «Lortu duen bakarra edan hori Bilboko beste zonalde batzuetara eramatea izan da». Sorgintxulo eta Zazpikatu gaztetxeak ere indarrez hustu dituela gogoratu du, eta garbiketa ordenantza ezarrita, kartelak inkatzea 3.000 euroko isunez zigortzen dutela.

PPk gustokoa du eredu hori eta areagotu egin behar dela uste du. Lau urteotako balantzea egitean, «Bilbo nazioarteko marka gisa saltzea» txalotu du Antonio Basagoitik baina delinkuentzia areagotu izanaren aurrean nahikoa neurririk ez hartzea egotzi dio Azkunari. Polizia gehiago nahi ditu.

Beste kritika bat ere egin dio PPk alkateari: lanpostuak sortzeko lanik egin ez izana. Basagoitiren esanetan, ia 20.000 bilbotar beste herrialde batzuetara joan dira bizitzera, lanposturik ez dagoelako. «Gazteak Bilbotik joaten ari dira eta hori ezin da onartu».

Hala ere, Azkunarekin ondo moldatzen dela erakutsi du Basagoitik. Bere lan eredua gustoko duela. Baina Azkuna «lastozko hautagaia» dela dio Basagoitik. Urtebete barru alkatetza utziko duela.



«Jauntxo baten jokaera du; nahi duena egiten du, eta gainerakoekin plebeioekin ari balitz bezala aritzen da»

zuriñe zorrozua
herria aurrera




«Bilbo nazioarteko marka gisa saltzea lortu du, baina gazteak Bilbotik joatenari dira lan faltagatik»

antonio basagoiti
PP




«Bilbok aisialdi eta turismo hiria izan behar duela uste du, eta ez da konturatzen horrela soilik ezin dela bizi»

txema oleaga
pse-ee




BilboKo aLKaTeaK

Jeltzaleak izan dira trantsizioaren ondorengo alkate guztiak Bilbon:

1979-1983: Jon Castañares (EAJ).

1983-1987: Jose Luis Robles (EAJ).

1987-1990: Jose Maria Gorordo (EAJ).

1990-1991: Jesus M» Duñabeitia (EAJ).

1991-1995: Josu Ortuondo (EAJ).

1995-1999: Josu Ortuondo (EAJ).

1999-2003: Iñaki Azkuna (EAJ).

2003-2007: Iñaki Azkuna (EAJ).





Iñaki Azkuna Urreta

Jaioterria. Durango, 1943ko otsailaren 14an.

Ikasketak. Medikuntza eta zirujian lizentziatu, eta doktoretza ere Salamancan egin zuen. Erradiologia eta Kardiologian espezializatu zen Parisko Unibertsitatean.

Ibilbidea. EHUn Medikuntza Fisikoko eta Erradiologiako irakasle izan zen. Gurutzetako Ospitaleko zuzendari izana da. Gerora, Osakidetzako zuzendari nagusi izan zen, bai eta Osasun sailburu ere Eusko Jaurlaritzan.

Hizkuntzak. Gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Txikitan euskara bazekien, baina galdu egin zuen; berriz ikasten ari da.





Bilbo izaten ari den eraldaketarekinharro dago alkatea

Oposizioak kritikagai izan dituen alor berberak erabili ditu alkateak egindako lana goratzeko. «Oso garrantzitsutzat» du azken legegintzaldia, «proiektu berriekin Bilboren eraldaketak aurrera egitea ahalbidetu duelako» batik bat. Azken urteetan aldaketarik handiena izan duen Abandoibarraren proiektua aurrera doala nabarmendu du eta Bilboren aurrerapausoak bultzatzeko akordio berriak egin direla: Frontoi handia, kiroletarako jauregia eta San Mames berria egiteko lehen urratsak egin direla. Zorrozaurreren eraldaketa marraztuta dagoela ere azaldu du.

Oposizioak esandakoaren aurka, auzoen arteko oreka lortze bidean lanean aritu da Udala, Azkunaren hitzetan. «Bilboren eraldaketa» sustatu duela, baina Udaletxearen dirua auzoetan gastatzen dela. «Proiektu handietarako dirua ez da bertoko diru kutxetatik ateratzen». Azken agintaldian, auzoetara 150 milioi euro bideratu direla azaldu du. Gainera, auzorik behartsuenetarako plangintza bereziak abiatzen ari direla ohartarazi du Azkunak. Auzoak Bilboko erdigunearekin lotzeko asmoz, garraio publikoa ere hobetzen ari dela dio alkateak. Metroaren 2. linea luzatu egin dela eta Bilbobusa nabarmen hobetu dela.

Hemendik aurrera ere bide horretan jarraitzeko asmoa du Azkunak eta «eraldaketekin» jarraitzeko, «eraztun berdea» egin nahi duela adierazi du. Hiria inguratuko duten zortzi parke egitean datza proiektua. Segurtasuna areagotzeko polizia kopurua gehitu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.