Kukutza gaztetxearen «arazoa elikatzea» leporatu dio Bilboko alkate Iñaki Azkunak Bilduri. Haren esanetan, udala ez dator bat Kukutzakoen gizarte ereduarekin, «bakoitzak nahi duena okupa dezakeelako». Hain zuzen, hori defendatzen du Bilduk, Azkunaren arabera: «Hasieratik egon dira Kukutzaren atzean, arazoa elikatzen». Aitziber Ibaibarriaga koalizioko zinegotziak eztabaida desbideratzea egotzi dio alkateari: «Kukutzak manifestazioa antolatzeko moduko oinarri soziala du auzoan».
Herenegungo istiluez ere mintzatu da Azkuna: «Kale borroka gogora ekarri didaten indarkeria une batzuk egon dira, eta badakigu nondik ateratzen den hori». Txema Azkuenaga Bilduko zinegotziak, aldiz, Ertzaintzaren jarrera deitoratu du: «Ez zen liskarrik egon, ez zen alde bietako istilurik egon, jendea korrika atera zelako, ertzainen jokabidea ikusita». Ibaibarriagak erantsi du Errekaldeko osasun etxean gela bat egokitu behar izan zutela zaurituak artatzeko: «Modu baketsuan manifestatzera joan zen jendea, eskuak altxatuta».
Bilboko Udalak datorren astean egingo duen bilkuran mozioa aurkeztuko Bilduk. Bertan, Kukutzaren lana aitortzeko, eraispen baimena geldiarazteko, gaztetxearen jarduera mantentzeko eta aurrerantzean elkarrizketaren aldeko apustua egiteko eskatuko du.
Azkuna: «Bildu dago Kukutzaren atzean»
Koalizioak mozioa aurkeztuko du datorren astean, gaztetxearen lana aitortu eta mantentzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu