Ezker abertzaleak Iñigo Cabacasen irudia erabili egin duela salatu du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak: «Gauza izugarriak esan dituzte; Cabacasen heriotza baliatu dute Ertzaintzari dioten gorrotoa eta ezinikusia erakusteko». Azkunaren arabera, Athleticen partidu guztietan sortzen dira iskanbilak Bilbon, eta istilu horiek sortzea ezker abertzalearen munduaren zati bati egotzi dio.«Azken 40 urteetako biolentziaren kultura oinordetu dute», adierazi zuen atzo Bilboko alkateak Radio Euskadin.
Ezker abertzaleko bozeramaile Maribi Ugartebururen ustez, Azkunak ezker abertzalearen aurka egindako hitzak, erantzukizunak estaltzeko eta beharrezko eztabaidak saihesteko «eraso diskurtsiboa» dira. Gertaera «larriaren» ondoren, Azkuna ia astebetez isilik egon dela kritikatu du Ugarteburuk: «EAJren isiltasuna esanguratsua da». Horrez gain, ezker abertzaleko bozeramaileak nabarmendu du Azkunak lehen unean uko egin ziola Udaleko bozeramaile batzordea biltzeari: «Bildu zirenean, gainera, Cabacasen heriotzaren eragilea Ertzaintzaren pilotakada bat izan zela aipatu ere ez zuen egin agirian».
PSE-EEk ezker abertzaleari egindako kritikak ere salatu ditu Ugarteburuk —Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak herenegun esan zuen «Batasunaren munduaren zati batek defizit demokratikoa» duela—. Ezker abertzaleak uste du PSE-EEk ere duen erantzukizun politikoa estaltzen eta saihesten ari dela.
Ugartebururen iritziz, beste polizia eredu bat «beharrezkoa» da Euskal Herrian, eta eredu horren gaineko eztabaida sozial eta politikoa ezin da atzeratu.
Azkuna: «Cabacasen heriotza erabili egin dute»
Ezker abertzaleak dio erantzukizunak estali eta «beharrezko» eztabaidak saihestu nahi dituela EAJk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu