Bilboko alkate Iñaki Azkunaren osasunak "hobera" egin du, eta Basurtuko erietxeko suspertze unitatean jarraitzen du. Atzo, ebakuntza egin zioten ezkerreko giltzurrunean, "arrakastatsutzat" jo dutena medikuek. Hori dio unitate horretako mediku taldeak aurkeztu duen txostenak.
Azkunak 70 urte ditu, eta 2003an prostatako minbizia atzeman zioten. Hainbat arazo izan ditu geroztik orduko tratamenduaren ondorioz. Joan den ekainean ospitalean luzaroan egon ostean, hilaren 11n eman zioten senda agiria, eta Munduko Alkateen Foroaren itxiera ekitaldian agertu zen handik hiru egunera, aulki gurpildunean.