Gizartea

Azkunak ukatu egin die bilera egiteko hitzordua udaletxera joan diren Kukutzako ordezkariei

Kukutzaren jabe den enpresaren atzean ustelkeria kasuetan nahastutako beste bat dagoela salatu dute. Gaztetxea gaur eraitsiko dutelakoan hainbat lagun bildu dira atzotik Kukutzan, eta zenbait ordezkari udaletxera joan dira politikariekin hitz egitera. Zea Maysek kontzertua iragarri du gaurko 20:00etan. Sare sozialetan oihartzun handia ari dira izaten Kukutzaren aldeko mezuak. Bideoa: Kukutzako ordezkarien agerraldia.

2011ko irailaren 14a
17:26
Entzun

Kukutza Gaztetxeko arduradunak Bilboko udaletxera joan dira gaur eguerdian ordezkari politikoekin hitz egitera, baina Hirigintza zinegotziarekin hitzordua lotzea lortu badute ere, ostiralerako, Iñaki Azkuna alkateak bilera ukatu die.  Alkatearekin bildu ahal izatea zuten helburu, izan ere, Kukutzakoek azaldu dutenez, harena da Kukutzaren eraikinaren gaineko azken hitza.

Gaztetxea eraisteko agindua jaso zuen atzo Ertzaintzak, eta hori eragotzi nahian, Kukutzakoek salatu dutenez, eraikinaren jabe den enpresaren atzean (Cabisa) ustelkeria kasuetan nahastuta dagoen beste bat dagoela azaltzera joan dira. Hori frogatzeko dossierra osatu dute Kukutzakoek, eta hor aurkezten dituzten frogak eramatera joan dira udaletxera.

Txema Oleaga PSE-EEko zinegotziarekin hitz egin dute. Azaldu diote Cabisaren atzean Construcciones Castrum izeneko beste enpresa bat dagoela, eta hori ustelkeria kasuetan dagoela nahastuta. Udaletxera Kukutzako ordezkariekin batera 30 gazte inguru sartu eta eserialdia egin dute. Azkunak ordezkariei bilera ukatu ostean, kanpora atera dituzte, inongo istilurik gabe.

BerriaTBko teknikoari bi aldiz erakutsi arazi diote udaltzainek akreditazioa, eta horrekin batera nortasun agiria.

Goizetik bilduta

Sare sozialen deiari jarraituz, hainbat lagunek gaua pasa dute Bilboko Kukutza gaztetxean Ertzaintza hura hustera joango delakoan. Ez da horrelakorik gertatu, baina gaur egunean zehar hustu dezaketelako mehatxupean hainbat lagunek jarraitzen dute bilduta. "Asko gara. Logurerik ez dugu", dio erabiltzaile batek.

Bilboko Udalak aurreko astean sinatu zuen eraikina botatzeko baimena, eta Kukutzakoek ohartarazi zuten, behin eta berriz eraistea saihestu daitekeela azaldu arren, harrezkero edozein unetan eraitsi dezaketela. Atzo jaso zuten agindua Ertzaintzan, eta sare sozialetan Gaztetxean biltzera deitu dute.

Abuztu hasieran jada lurzoruaren jabe den enpresa, Cabisa, aldamio bat jartzekoa zen, eta bizilagunak goizean goizetik bildu ziren Gaztetxearen aurrean. Azkenean enpresako inor ez zen agertu.

Aralar eta Bildu, eraistearen aurka

Aralarrek eta Bilduk ohar bateratuan Udalaren jarrera salatu zuten atzo, interes publikoak pribatuen gainetik egon behar duela esanez."Egun Kukutza herritarrez beteriko gune bat da. Bertan haurrak zein helduak parte hartzen ari dira Gaztetxeak antolatutako ekimen desberdinetan. Honen aurrean, deia luzatzen diegu instituzio publikoei gatazka konpontzeko elkarrizketaren eta negoziazio sozialaren aldeko hautua egin dezaten eta inposaketa eta indarra erabiltzeko aukera albo batera uzteko", dio oharrak.

Azken urteetan eta, bereziki, azken hilabeteetan hainbat eragile eta pertsona ezagunen babesa jaso du Kukutzak, baita Errekaldeko bizilagunena ere. Zea Mays taldeak gaur bertan Kukutzan 20:00etan kontzertua joko duela iragarri du. Gainera, 17:00etan umeentzako zirku ikastaroa dago iragarrita, eta 19:30ean Akerjenbe Afrikako preskusioarena.

Uztailean Kukutzaren aldeko lipdub-a egin zuten hainbat lagunek.

[YouTube]http://youtu.be/e2VieT5ksyo[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.