Baziren egunak larri zebilela, eta azkar zabaldu da albistea. Iñaki Azkuna Bilboko alkatea hil bezain pronto iritsi dira lehen erreakzioak alderdi politiko eta erakundeen aldetik.
Eusko Jaurlaritzak dolumina adierazi die senide eta lagunei. “Une honetan Bilboko hiribilduak bizi duen tristurarekin bat egiten dugu". Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Twitter bidez agertu du dolumina. "Agurtzerakoan elkarri esan genion bezala: 'Iñaki, alkate jauna, ohore bat izan da'".
Ricardo Barkala Bilboko Udaleko hirigintza zinegotzi ohiaren hitzetan, albistea ez da ezustekoa izan, baina ez du horrek esan nahi mingarri izan ez denik. “Espero genuen albistea, denbora zeramalako gaixo, baina mingarria da, halere”. Azkunaren deskribapena ere egin du: “Oso pertsona indartsua zen fisikoki eta mentalki. Oso konbentzituta zegoen bere ideiez eta nahikoa indar bazuen haiek aurrera eramateko”. Azaldu duenez, “unibertsitatean izatearen modukoa” izan da beretzat Azkunaren ondoan aritzea. “Hauteskundez hauteskunde gero eta boto gehiago jaso ditu, eta oso zaila izango da halako nortasun indartsua duen pertsona bat ordezkatzea".
Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak Azkunarekin zuen laguntasuna nabarmendu du. "Gehien datorrena burura Azkuna laguna da; horrek ematen dit min handiena. Duela egun gutxi egon nintzen berarekin, agurtu nahi ninduelako. Elkarrizketa luzea eduki genuen, zer izan den bizitza. Harritu nintzen bere serenitatea ikusita. Agurtu ginen, besarkada bat, eta beste bizitzan ikusiko dugu elkar. Iñaki laguna gogoratzen dut". Alor politikoan alkate izandakoaren profesionaltasuna nabarmendu du. "Profesional handia izan da. Zortzi urtez sailburu izan zen, eta gure Osasun Saila oso altu utzi zuen, eta hortik aurrera, munduko alkate onena. Hori dena izan da iñaki". Baina onartu du denek ez zutela maiteen artean. Nortasun indartsua zuelako zen hori, Ardanzaren ustez. "Pertsonalitate handiko pertsona, argia gauzak esaten. Batzuetan pertsona batzuek amorru pixkat zioten, baina iñaki halakoa zen. Ez zen ibiltzen bueltaka".
Azkunak utzitako hutsunea nabarmendu du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta PSE-EEko idazkari nagusiak. Twitter bidez azaldu du dolumina: "Iñaki Azkuna, azkenera arte alkate eta figura. Betetzeko zaila izango den hutsune bat utziko du. Goian bego".
EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak eta Laura Mintegik ere dolumin mezua bidali dute: “Besarkada bat Iñaki Azkunaren senide, lagun eta alderdi kideei”. Bilboko Bilduk bertan behera utzi ditu biharko eginak zituen prentsa deialdiak alkatearen heriotzagatik. Eta dolumin mezua helarazi nahi izan die Azkunaren ingurukoei: "Gure doluminak Iñaki Azkunaren senide, lagun eta alderdiari".
Alfonso Alonso PPko eledun eta Gasteizko alkate ohiak ere dolumina helarazi nahi izan die Twitter bidez senideei eta hiritarrei.
Gobernu bereko kide izan ziren Azkuna eta Martin Auzmendi. Lan sailburu ohiak alkatearen nortasuna aipatu du: “Beti baloratu dut beregan oso pertsona irekia eta atipikoa zela herri honetan. Batez ere mundu nazionalistan. Nahiko heterodoxoa eta pertsonaia nahiko berezia izan zen. Nik uste dut Azkuna izan zela pertsonaia bat Euskal Herrian dauden ikuspegi ezberdinen erdian kokatzen zena. Oso berezia zen, eta horrek eman zion balorea”.
Osakidetzako lehenengo zuzendari nagusia ere izan zen Azkuna 1983 eta 1987 artean. Jon Etxebarria egungo Osakidetzako zuzendari nagusiari “miresmena” sortzen zaio hura gogoratzean. “Osasungintzan aritu garenentzat liderra izan da”. Azkunaren ibilbide hori nabarmendu du. “Osasun sistema osatu zen urte horietan, eta geroago, askoz gehiago. Berrantolaketa etorri zen sisteman, eta hor kudeaketan ahalmen handia eduki zuen”.