Durangoko 41. Azoka

Azokaren berri emateko ekitaldiak egingo dituzte hiriburuetan

Hurbiltzen ari da Durangoko 41. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Aurten ahalegin berezia egingo dute azokaren berri Euskal Herriko hainbat tokitan emateko. Gaur azoka iragarriko duen kartela eta gai nagusia aurkeztu dituzte: Bidaiak.

2006ko azaroaren 8a
17:02
Entzun
Abenduaren 6an hasi eta 10ean amaituko da aurtengo Durangoko azoka. Ongi Etorri irakur daiteke Miriam Peña durangarran azoka iragartzeko egin duen afixan. Aurten, bidaiak izango dira azokako gai nagusia eta gai hori ardatz gisa hartuta mahainguru eta hitzaldi desberdinak egingo dituzte Durangon.

Euskal bidaiariekin berriketaldi bat antolatuko dute eta euskal musikariek mundu osoan egindako birei buruz hitz egingo dute mahainguru batean. Bi ekitaldi berezi ere egongo dira. Batetik Gora Vasco Argentinan egin duten film-dokumentalaren estreinaldia eta bestetik Pata Negra eta Karidadeko Benta taldeek eskainiko duten kultur arteko kontzertua. Rafaek Amador musikariaren taldean "Rock gitanoa" da nagusi eta Jon Maia bertsolariaren taldeak bertsoak eta koplak ditu oinarri. Plateruenea Kafe Antzokian eskainiko dute kontzertua abenduaren 7an 21:30ean.

Aurkezpen ekitaldiak hiriburuetan

Gerediaga Elkarteak aurkezpen ekitaldi bereziak egingo ditu aurten azokaren berri emateko. Gasteizen, Baionan, Iruñean eta Donostian egingo dira aurkezpen ekitaldi horiek, Durangoko prentsaurreko nagusiaren ostean.

Helburu nagusia, Bizkaiaz gaindiko herrialdeetako bisitariei Azokaren berri ematea izango da. Horretarako mahainguru, prentsaurreko eta hitzaldik antolatu dituzte:

Gasteiz. Azaroak 23, osteguna

Mahaingurua: Euskal bideoklipak

Partaideak: Ritxi Aizpurua Ohiuka diskoetxea, Ines Osinaga Gose musika taldekoa, Iban Ezkerra Oliba Gorriak musika taldeko kidea eta MusikHerria elkarteko ordezkari.

Tokia: Montehermoso kulturetxea

Ordua: 19:30etan.

Baiona. Azaroak 24, ostirala

Prentsaurrekoa Iparraldeko komunikabideentzat

Tokia:Elkar Megadenda

Ordua:11:30etan.

Iruñea. Azaroak 27, astelehena

Hitzaldia eta diapositiba emanaldia: “El vasco de la carretilla”.

Hizlaria: Txema Urrutia idazlea (Txalaparta argitaletxearekin izen berdineko liburua argitaratuta dauka)

Tokia: Zaldiko-Maldiko elkartean.

Ordua: 19:30etan.

Donostia. Azaroak 30, osteguna

Mahaingurua: Euskarazko bidaia-liburuak.

Partaideak: Iñaki Mendizabal Elea argitaletxea, Juan Martin Elexpuru idazlea eta Urtzi Urrutikoetxea . Moderatzailea: Aitor Elduaien Bidaide irratsaioko esataria.

Tokia: Liburutegi Zaharreko aretoan.

Ordua: 19:30etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.