Politika

Azpeitian ere baztertu egin dute EAJren mozioa, eta udal gobernuarenak irten du aurrera

EAE-ANVko hautetsiek modu pertsonalean, EAk eta Aralarrek mozio alternatiboa aurkeztu dute, eta "eszenatoki demokratikoa eraikitzea beharrezkoa" dela deritzote. EAJ bakarrik geratu da EAE-ANVko hautetsien dimisioa eskatzean.

2008ko maiatzaren 8a
21:55
Entzun
Azpeitiko (Gipuzkoa) Udalak ere ez du onartu EAE-ANVren hautetsien dimisioa eskatzeko EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzek hitzartutako mozioa. Gaur 20:00etatik aurrera izan da udalbatzarra Azpeitian, eta EAJ bakarrik geratu da mozio horren defentsan. Gainera, EAE-ANVko hautetsiek modu pertsonalean -hala sinatu dute-, EAk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak mozio alternatiboa aurkeztu du eta aurrera atera da, gehiengo osoz. Azpeitiko Udalean EAE-ANVk sei zinegotzi ditu (alkatea barne), EAk bi, Aralarrek bat eta EAJk zortzi.

Udalak "zilegitasun demokratiko osoa" duela aldarrikatu du udal gobernuak, eta "bide demokratiko eta baketsuak" erabiltzeko konpromisoa hartua duela. "Desberdinen arteko akordioak bilatu behar" direla diote EAE-ANVko kideek, EAk eta Aralarrek. Hala, "gatazka kaleetatik atera eta modu elkarrizketatuan konpontzeko, prozesu demokratiko bat abiatu eta indarkeri guztien desagerketa ahalbideratuko duen eszenatoki demokratikoa eraikitzea beharrezkoa deritzogu, proiektu politiko guztiak (independentzia barne) gauzagarri izango direna".

EAJren mozioaren arabera, "aniztasun politiko, soziala, ideologikoa edo nortasunezkoa onartzeaz" gain, "herri karguek zalantzarik gabeko konpromisoa hartu behar dute bereziki bizitzeko eskubideaz". ETAk hori urratu egiten duela dio EAJk, eta hori hautetsiek "gaitseztu" beharra dutela eta, halakorik ezean, hautetsiek dimisioa eman behar dutela. Udalak ez du onartu, baina, mozio hori.

Jende asko bildu da udal aretoan, eta tentsio uneak bizi izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.