Euskal presoak

Azpeitiko alkateak ez du ahalbidetu Garikoitz Etxeberriari gaur ongietorria egitea

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo debekatu egin zuen ekitaldia, eta Julian Eizmendik ez du kontuan hartu Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ondoren egindako proposamena. "Azpeitiko Udalak agindua bete behar du", esan du alkateak.

2009ko otsailaren 7a
19:31
Entzun
Atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen gaur arratsalderako Azpeitian (Gipuzkoa) Garikoitz Etxeberria Kafe Haikako preso ohiari antolatuta zegoen ongietorria eta, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) Julian Eizmendi alkateari (EAJ) harrera beste leku batean egitea proposatu dion arren, honek ez die ezer ahalbidetu.



Etxeberriak astelehen goizean irten zuen kartzelatik, Haika-Segi gazte erakundeen auziko epaiak agindutako sei urteko zigorra osorik bete ondoren. Gaur 19:00etan ekitaldia egitekoak ziren Frontoi Txikian eta herri afaria nahiz txotxa 21:00etan Azoka plazan. Baina, Dignidad y Justiciaren eskariz, Eloy Velasco epaileak bi ekitaldiak debekatu egin zituen atzo, "terrorismoa jendaurrean goratzea" delakoan eta "biktimen samina" saihesteko.

Debekua agintzeaz gainera, Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari bi ekitaldiak aurrera eraman ez daitezen "neurriak hartzeko" eskatu zien Auzitegi Nazionaleko epaileak.

AAMk Udalari ekitaldia Izarraitz pilotalekuan egitea proposatu dio, beste ordu batean eta beste lelo batekin, txotxa ez duela egingo ere hitz eman dio, baina alkateak telefonoz erantzun dio Ertzaintzarekin hitz egin duela eta ezin dela ongi-etorria antolatu. "Alkateak ez du inolako borondaterik erakutsi arazo honi irtenbide justua emateko", esan du AAMk. "Ondorioz, aurrez aurre jarri gaitu Ertzaintzaren bortxa mehatxuarekin. Soluzio egokia aurkitu ordez, nahiago izan du afera polizia armatuen esku uztea, horiek izango baitira debekua bermatuko dutenak. Gure ustez, EAJren joko politikoaren adibide argia da gertatu dena, beste behin Auzitegi Nazionalari men egin baitio, herritarron biltzeko eta antolatzen eskubidea ukatuz. Bide batez, Espainiako Gobernuak Euskal Herrian ezarritako salbuespen egoeraren adibide argia da debekua".

Eizmendik gaur Urola Kostako Hitza-ri adierazi dionez, ostiral eguerdian izan zuen autoaren berri, Ertzaintza Azpeitiko Udaltzaingoarekin harremanetan jarri zelako. Berehala, ongietorri ekitaldia beste toki batean egiteko udaletxean eskaera egin zuen herritarrarekin hitz egin zuela adierazi du alkateak. "Espainiako Auzitegi Nazionaletik etorri da autoa eta Azpeitiko Udalak agindua bete behar du", dio Eizmendik.

"Legez kanpoko helburua"

Velasco epailearen arabera, Etxeberriari ongietorria egiteko herrian antolatu dituzten ekitaldiek "legez kanpoko helburua dute", "ETAko presoak eta harekin lotura duten legez kanpoko taldeak goraipatzea" bilatzen dutelako.

Garikoitz Etxeberria 2001eko martxoaren 6an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, beste hogeitaka gazterekin batera, eta bi alditan egin ditu sei urteok preso. 2005eko martxoaren 4an irten zuen libre aurreneko aldiz. Baina 2007ko otsailean berriro atxilotu eta kartzeleratu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.