Politika

Azpeitiko alkateak San Sebastian bezperan minutu bateko isilunea eta konponbidearen aldarria egitea proposatu die danbor taldeei

Iñaki Errazkinek bilera egin du taldeetako ordezkariekin, eta “oso ondo” hartu dute proposamena. 'Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea' leloko pankarta zabalduko lukete danborradako zuzendari denek. Presoen aldeko agiririk ez da irakurriko. Inazio Uriaren hilketaz geroztik hasi zen ezker abertzaleko udal taldea ekimena lantzen.

Urola Kostako Hitza
2008ko abenduaren 19a
17:35
Entzun
Azpeitiko (Gipuzkoa) alkate Iñaki Errazkinek (ezker abertzalea) helduen danborradako taldeen ordezkariei proposatu die hurrengo San Sebastian bezperako danborradan -urtarrilaren 19an- plazan minutu bateko isilunea gordetzea "euskal gatazkako sufrimendu guztiengatik" eta danbor zuzendariek elkarrekin, une horretan, Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea leloa izango duen pankarta zabaltzea. Horixe izango da danborradaz gainera orduan herriko plazan egingo litzatekeen ekimen bakarra.

Ezker abertzaleko udal taldea joan den astetik ari zen proposamena lantzen, azken gertakariak direla-eta (abenduaren 3an Inazio Uria enpresaburua hil zuen Azpeitian ETAk).

Urola Kostako Hitza-k danborradako talde batzuetatik jakin duenez, taldeetako ordezkariek “oso ondo” hartu dute proposamena. Horiek euren taldean ematen hasiak dira ekimen berria, eta erantzuna positiboa izaten ari da.

Errazkinek asteazken gauean proposatu zien hori, Udalaren eta danborradako taldeen arteko ohiko batzarrean. Udaletxean bildu ziren, eta EAko zinegotzi Mikel Ibarzabal ere bertan zen, orain gutxi arte bera izan baita Festa batzordeburua -EAk udal gobernua utzi zuen ETAk Uria hil zuenean-. Aurrez aipatutako aldeak hurrengo asteartean bilduko dira berriro, udaletxean 20:00etan, erabakia hartzeko.

Alkateak ez zuen atzo adierazpen publikorik egin nahi izan horretaz, “gaia danborradako gune horretan dagoelako, hor aztertu behar delako eta hor hartu beharko delako erabakia”.

Inazio Uria enpresaburuaren hilketak herrian “atsekabea eta samina” sortu duela dio Udalak eta, hala, “festetan ere azpeitiarren bizikidetza sustatzeko” egin du proposamena.

Azken urteetan, sansebastian bezperan, gauerdia iristear zela euskal presoen eskubideen aldeko agiria irakurri izan du danborradako kideren batek kioskotik; baina, Urola Kostako Hitza-k jakin duenez, hurrengo festetan ez da horrelako agiririk irakurriko.

Gaur egun zazpi azpeitiar preso politiko daude: Juan Karlos Arruti, Gotzon Aranburu, Xabier Etxeberria, Jabi Agirre, Joseba Segurola, Garikoitz Etxeberria eta Iker Iparragirre. Guztiak ere Euskal Herriko kartzeletatik urrun dituzte, Espainian eta Frantzian. Iñaki Etxarte eta Maria Angeles Artola deportatuta dauzkate, eta Juan Manuel Bereziartua sasian dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.