Euskal presoak

Azpeitiko alkateari ezohiko udalbatzarrera deitzeko eskatu diote, preso baten egoera aztertzeko

Xabier Etxeberria gose greban da martxoaren 3tik, Mureten, Espainiaratzeko arriskua duelako. Hamar kilo galdu ditu dagoeneko. "Julian Eizmendik ez du ezer egin", salatu du AAMk gaur.

2009ko martxoaren 23a
16:27
Entzun
Xabier Etxeberria Txapi (Azpeitia, Gipuzkoa) presoa gose greba egiten ari da Mureteko (Frantzia) espetxean martxoaren 3tik, Espainiaratzeko arriskua duelako, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) Julian Eizmendi (EAJ) Azpeitiko alkateari presoaren egoera aztertzeko ezohiko udalbatzarrera deitzeko eskatu dio. "Alkateak ez du ezer egin", salatu du Aritz Arzallus AAMko kideak gaur, Donostian egindako prentsaurrekoan. Etxeberriak dagoeneko hamar kilo galdu ditu.

Presoak hilaren 31n beteko du Frantziako Estatuan ezarri zioten espetxe zigorra. "Xabier kanporatua izango balitz Espainiako segurtasun indarren esku gelditzeko arriskuan egongo litzateke, tortura arriskuarekin", dio AAMk.

Lehengo ostegunean Azpeititik hainbat lagun Muretera joan ziren autobusean, Etxeberriari elkartasuna adieraztera eta egoera salatzera.

Duela sei urte atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Bourges herrian, ETArekin lotura zuelakoan. Jabi Agirre azpeitiarrarekin batera atzeman zuten, eta hori iazko urte bukaeran Espainiaratu egin zuten, Frantziako zigorra bukatu ostean; Soto del Real espetxean daukate harrezkero. 2004ko ekainean zortzina urteko kartzela zigorra jarri zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.