Emaitzak adierazgarriak dira. Hobekuntzak eginez gero, gaur egungo bideak aski dira datozen 50 urteotan sor daitezkeen beharrei ihardesteko. Baieztapen horrek, AHT bide berrien aurrekontu erraldoiarekin batera, herri elkargoen iritzia bideratu du. Goraki erran dute 29 auzapezek. Saturazio arriskurik ez badago, Lapurdik ez du behar AHT bide berririk.
Saturazioaren mamua izan da AHT bide berrien aldeko argudio nagusia. Hori adierazi zuen RFFk 2006an, AHTari buruzko eztabaida publikoa egin zen garaian. Alta, orduan emandako datu anitz okerrak zirela frogatu zuten, CADEk lehenik, eta suitzar adituek ondoren. Geroztik, RFFk kopuru eta beharrak doitu ditu. Egun, 80 tren inguru pasatzen dira bi norabideetan (50 bidaiariak garraiatzeko eta 30 salgaientzako). Luzera begirako beharrak finkatu zituen RFFk, 2006ko eztabaida publikoan lehenik, eta, ondoren, 2009ko GPSO izeneko ikerketetan (Frantziako mendebaldearentzat egindako aurreikuspen plana). Salgaien garraioari dagokionez, 2020an 120 tren aurreikusten ditu RFFk, eta 2050ean 180 tren.
Suitzar adituek bi aukera osatu dituzte: lehena RFFk berak pentsatu dituen lanak eginez, eta bigarrena, bertze lan batzuk gehituz. Lehen aukeraren arabera, AHT bide berririk egin gabe 190 tren pasa daitezke eguneko (120 salgaiak eta 70 bidaiariak), eta bigarren aukeran 320 tren (240 salgaiak eta 80 bidaiariak).
Xede hori burutzeko aurreikusi dituzten lanak honakoak dira: Mousserolesko lotunea egokitzea; Baionako geltokiko erdiguneko kaiak egokitzea Puyootik (Landak, Frantzia) eta Donibane Garazitik (Nafarroa Beherea) datozen trenak hartzeko; trenen arteko denbora murriztea; eta bide bakarreko trenbideen erabilera egokitzea. Azken atal hori ez dute ikertu adituek, diru aldetik garestiegia delako eta bidaiari gutxik baliatzen dutelako hurbileko tren hori.
Dirutzaren pisua
Suitzar adituen txostenean agertzen ez den elementua dute Lapurdiko hautetsiek esku artean, AHT bide berriaren aurrekontua, alegia. Lur azaletik joanen den partean, kilometroko 27,6 milioi euro xahutuko dituzte, eta lur azpitik joanen delarik, 53 milioi euro. Alta, RFFk balizko bi ibilbide atxiki ditu. Lehena Mugerretik sartuko litzateke, Hiriburu, Milafranga ekialdea eta Uztaritze zeharkatuz. Handik zuzen abiatuko litzateke Larrun aldera, Senpere eta Azkaineko lurrak zeharkatuz. Bigarren aukera Milafranga mendebaldetik aurreikusi dute, gutxi gorabehera 1992ko AHT xedearekin bat eginez.
Ibilbide bat edo bertzea hautatu, tarte handia egon daiteke, lur azaletik doan bidearen arabera. Orotara, 900.000 euro eta 1.200 milioi euro tartean.
Eztabaida publikoaren garaian, herri elkargoek ez zuten uste dirua eman behar zutenik AHT berria eraikitzeko. Geroztik, gauzak aldatu dira, eta bakoitzak ordaindu beharko duen diru kopuruak izutzen ditu hautetsiak. Prefetak berak onartu zuen gaur egun ezin daitekeela asmatu zein izanen diren 2050eko garraio motak. «Saturazio arriskurik ez badago 50 urtean, zergatik egin behar dugu orain xede berri hori?», galdetu du Mixel Hiriart Hego Lapurdi herri elkargoko presidenteak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako xedea ekarri du gogora. «Euskal Y-an bi bide behar badituzte, zergatik behar ditugu guk lau Lapurdin?». Lapurdin AHTa aspaldiko errealitatea dela gogorarazi du.
Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusiak abiapuntutzat hartu ditu herritarrak. Gogorarazi du xede berria egin nahi duten tokietan etxegintzak eragin handia duela, eta jende anitz bizi dela. A-63 autobidea zabaltzeko lanekin erkatuz, gogorarazi du kalte txikiena hautatu zutela bi bide gehiago erantsiz, ez bertze autobide bat eginez. «Bertze bat eginez jende gehiago kaltetzea lortuko zuten bakarrik; hori da egin nahi dutena orain AHT berriaren xedearekin».
Suitzarren txostenak bertze puntu garrantzitsu bat hunkitzen du: irabazitako denbora. Bide beretik salgaien eta bidaiarien trenak pasaraziz gero, trenbidearen higadura handia da. Gainera, Baionako geltokia Labenen eginez ere, Gipuzkoako geltokiraino legokeen tartea txikiegia litzateke abiadura handia lortzeko. Bi arrazoi horiek nabarmendu dituzte hautetsiek.
Suitzarrek, aldiz, gaur egungo trenbidearen erabilpena hobetsi dute, eta trenen arteko tartea txikitzea. Tren batek ibilbidea segurtasunez egiteko behar duen tartea ildoa erraten dute adituek. Adituek diote ildo horiek murriztu daitezkeela, eta trenek garraiatzen duten zama handitu.
Zenbakiak
%1
Aldaparen morroi. Balizko trenbideen aldapa ezin da %1 baino handiagoa izan. Kontuan harturik Errobi ibaia gainetik zeharkatu nahi dutela, horrek erabat baldintzatuko du Larrungo tunelen xedea, lur azpiko atala, eta, ondorioz, aurrekontua .Hautetsiak Uztaritzen bildu dira txostena aztertzeko
Uztaritzeko auzapezak herriko etxean bildu zituen atzo hiru herri elkargoetako auzapezak suitzarren txostena aztertzeko. Mezu bateratua urratzeko arriskua saihestu nahi dute, eta argiki erakutsi gaitzesten dutela bide berrien xedea. RFFk hilaren 17an Bordelen antolatu duen bilkurara joanen dira auzapezak.«Euskal Y-an bi bidebehar badituzte, zergatik behar ditugu guklau bide Lapurdin?»
MIXEL HIRIART
Hego Lapurdi herri elkargoko presidentea
AHTaren aurkako martxa Bilbora helduko da gaur
Gaur goizean helduko da AHT abiadura handiko trenaren aurkako martxa Bilbora, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte hirira iritsiko direnerako. Bihar Ezkerraldea igaroko du martxak, eta etzi bukatuko da, Santurtzin. Tren lasterraren aurkako ibilaldia irailaren 5ean abiatu zen Gasteiztik.AHTaren 19 aurkari eta bi kazetari epaitu dituzte Bilbon
Iaz, abuztuaren 28an, tren lasterraren kontra protesta egin zuten 19 lagunek Zaratamon (Bizkaia). Eserialdia egin zuten, elkarri lotuta. Ordena publikoaren aurka egitea egotzi zieten, eta atzo epaitu zituzten Bilbon. Bi kazetari ere epaitu dituzte delitu bera egotzita. Epaiketa aurretik elkarretaratzea egin zuten atzo.AHTaren aurkako mobilizazioa izanen da ekologisten ildoa
Hautetsiek deituriko manifestazioarekin bat egitea aztertzen ari dira, eta urte hastapenean bertze bat eginen duteA. R. Baiona
Ingurumenaren aldeko taldeak indartsu agertu ziren atzo Baionan. Suitzar adituen txostenak arrazoi osoa ematen diela nabarmendu zuten. Orain AHTaren aurka mobilizatzeko garaia dela uste du Victor Pachon CADEko presidenteak. Mobilizazioa azaroan egitea pentsatzen bazuten ere, hautetsiek urriaren 17rako iragarri dute. Mobilizazio horrekin bat egitea aztertzen ari dira.
Ingurumenaren aldekoek onartu dute prentsaren bidez ukan dutela hautetsien deialdiaren berri. Suitzar adituen txostena ere ez dute zuzenean eskuratu. Hala ere, garrantzi handia eman diote hautetsien deialdiari, eta ez dute eztabaidan sartu nahi izan. «Duela hamabost urte erraten genuena egia dela ikusi dute batzuek orain; pozgarria da hala ere».
Urriko manifestazioan parte hartzeaz gain, informazioa zabaltzen segituko dutela jakinarazi dute, herrietan informazio bilkurak antolatuz. Datorren urte hastapenean bertze manifestaldi bat egiteko aukera aztertzen ari dira. Hendaian izanen litzateke, Euskal Herri osoan AHTaren aurka dihardutenen indarrak biltzeko.
Ingurumenaren aldeko elkarteek gizarte mugimendua indartu nahi dute, eta, norabide horretan, sindikatu eta elkarteekiko harremana indartu nahi dute. LAB hastapenetik dago AHTaren aurkako borrokan, eta CGTk ere harreman estuak atxiki ditu CADErekin. Guztien artean AHTaren aurkako uholdea osatzea espero dute.
Horrez gain, 2010eko eskualdeetako hauteskundeak AHTari buruzko erreferendumak egiteko baliatuko dituzte. «Nahi edo ez, AHTaren eztabaida hauteskunde kanpainako ardatza izanen da Ipar Euskal Herrian», adierazi du Pachonek. Lapurdin ez ezik, Landetako hegoaldean (Frantzia) ere eginen dituzte erreferendumak.
Borrokaren ezagutza
«Ingurumenaren aldeko taldeek 1993tik egin duten lanaren ezagutza da suitzar adituen txostena». Oinarri horretatik abiatuz, atalez atal sakondu du CADEk txostena, gogor hartuz RFF konpainia. Egunero hiruzpalau tren pasarazteko hainbeste diru xahutzea behar ote den galdetu diote.
Eztabaida publikoa egin zen garaian SNCFk urtean bi milioi tona garraiatzen bazituen ere, gaur egun kopuru horretara ez dela heltzen nabarmendu du CADEk. 2020rako hamar milioi tonara heltzen bada, pozik egon daitekeela ohartarazi diote. Frantziako Ingurumenaren Mintegiak tren luzeagoak egitea hobetsi zuen, eta, ondorioz, trenen zama handitzeko aholkua egiten du CADEk.
Tren bakoitzean zama handiagoa ezarriz, tren kopurua ere apaltzen dela nabarmendu du, herritarrei eragozpen gutxiago sortuz. Izan ere, adierazi du AHT bide berriak herritarrei eragingo liekeen kalteen aurka daudela, eta egungo trenbideak sortzen dituen eragozpenak murriztu behar direla.
Trenbide berria egiteko aurrekontua 1.200 milioi eurokoa dela gogorarazi du CADEk. Hiri barneko eremuak estaltzeko eta harrabotsa mugatzeko lanek diru hori baino anitzez gutxiago behar dutela azpimarratu du.
«Ez dago arrazoirik bide berririk egiteko, enpresa batzuen interesak asetzea izan ezean», dio Didier Rouget Uztaritzeko AHTaren kontrako taldeko kideak. Suitzako Citec taldearen lanaren balioa ezin dela ukatu erran du. Horren froga gisa, aipatu du lehen txostena egin zuen taldea gaur egun RFF eta Akitania eskualdearentzat lanean ari dela.