Hitzen erabilera ez da inozoa. Komunikazioaren munduan hamaika teoria daude hitzen erabilera alderdikoia aztertu dutenak.Jakina baita ez dela gauza bera terrorista esatea edo militante iraultzailea, herri bat inbaditzea edo herri bat askatzea, errauste planta edo energia balioztatzeko planta idaztea... Zein helburu lortu nahi den, hitz egokia erabiltzea komeni. Badakite soziologoek, kazetariek, saltzaileek; eta nola ez, politikariek...
Pasaiako Portuko Agintaritzak 2009-2020 plan estrategikoa aurkeztu zuen atzo, eta ondorio nagusia zein den azaldu: Ekoportu bat eraiki behar da, Jaizkibelgo itsaslabarretan, Pasaiako badia lehengoratu eta egungo portuaren salgaien trafikoa eta jarduera ekonomikoa biderkatzeko -bikoiztu edo hirukoizteko aukera aipatu dute-.
Erakunde ekologistek -berriki Greenpeacek berak- Pasaiako badiari buruz behin eta berriz esandakoak berretsi ditu Portuko Agintaritzak, harrigarritzat har daitekeen zorroztasunarekin: «Portuak ingurumen eragin larriak ditu: zarata, kutsadura atmosferikoa, horma efektuak, lur eta ur kutsatuak...».
Pasaiako Portuko Agintaritzaren arabera, egungo jarduera Jaizkibelgo itsaslabarretara eramateak aukera emango luke badiako urak garbitzeko, Oiartzun ibaiko ubidea berreskuratzeko, kutsatutako lurrak garbitzeko, zaratak murrizteko, eta finean, ingurumenean hobekuntza nabarmenak egiteko.
Pentsa daiteke zergatikutzi duten Pasaiako ingurumena hein horretan hondatzen. Eta, zergatik itxaron behar den kanpoko kaia egin arte herritarren osasun eta bizimoduan horren modu kaltegarrian eragiten duen egoera zuzentzeko.
Ze, badia barruko ingurumenean portuak hain kalte larriak izan baditu, kanpoan ere eraginen bat izan dezakeela susma daiteke,kontuan hartuta egungo salgai kopurua hirukoizteko aukera ere aipatzen ari direla, sei milioi tonatik 17 milioi tonara pasatzea.
Ekoportuak energia berriztagarrien erabilera (haize, eguzki eta marea bidezkoak) sustatuko dituela esan du Agintaritzak, eta CO2 isuriak murrizteko aplikazio teknologikoak erabiliko dituela. Horiek ezin al ziren -ezin al dira- erabili egungo portuan?
Beharbada, Agintaritzak arrazoia du, eta Gipuzkoako salgaien portu nagusia zaharkituta geratu da, ez da gai trafiko berriak eskuratzeko, espazio faltak ateak itxi dizkio hainbat merkatutan lehiatzeko... Beharbada portu berria behar da, handiagoa eta konpetitiboagoa.
Baina bidezkoa litzateke herritarrei hau ere azaltzea: ikuspegi ekonomikoari lehentasuna emanez hartzen ari direla erabakia, horrek ingurumenean ondorio larriak izango dituela jakin arren. Izan ere, agian, proiektu honek duen ahulezia nagusietakoa estali nahi du ekoportu hitza erabiltzeak. Ze, Jaizkibelgo itsaslabarra -kanpoko portua egin nahi dutenlekua- babestu beharrekotzat jotzen baitu Europako Batasunak Natura 2000 Sarean. Itsaslabar horietan itsas eta kostaldeko ekosistema oso aberatsak daudelako, eta tamainako azpiegitura berri bat egiteak kalte handia lekarkiokeelako aberastasun horri.
Agian komeni da esatea azpiegitura berria ezinbestekoa dela ikuspegi ekonomikotik. Baina, orduan,beharbada,Eko-portua hitzak ikuspegi eko-nomikoari zor lioke erroa, ez eko-logikoari.
AZPIEGITURAK. PASAIAKO PORTUA. ANALISIA. 'Eko-portua'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu