Pasaiako portuaren 2009-2020 egitasmo estrategikoa egin duen SPIM aholkularitza enpresako zuzendari Alfredo Irisarrik aurkeztu ditu txostenaren ondorio nagusiak. «Portu hau ez atzera ez aurrera gelditu da», esan du Irisarrik. «2003an hazkunde muga jo zuen Pasaiako portuak eta, harrezkero, ez du gora egin, eta atzeraka ere hasi da».
Gonzalez Txabarrik argitu du Pasaiako portua produktiboenetakoa dela ingurukoekin alderatuz, lan gehien egiten denetako bat alegia; baina, aldi berean, defizitarioenetakoa da. 2006 urtean 1.225 euroko galerak izan zituen portuak, adibidez. Hori gertatzen da portuan atzera eta aurrera dabiltzan salgaietatik gehienek tasa baxuak ordaindu behar dituztelako. Portuko trafikoaren gehiengoa (%72) hiru produktu nagusik hartzen dute eta horien artean txatarra da nabarmenena. Portuko agintariek beste gai batzuen trafikoa erakarri nahi dute Pasaiara, edukiontzien garraioa, esate baterako, eta itsasoko autobide deiturikoetan ere sartu nahi dute portua. Baina egungo kaiak ez du aukerarik trafiko horri leku egiteko, hazteko modurik ez duelako, itsasontzien tamaina gero eta handiagoa delako eta kaiak duen sarbidea txikiegia delako, txostengileen hitzetan.
Horrekin batera, Pasaiako portuaren egoeraren ezaugarri nabarmenenak hauek dira, SPIM aholkularitza enpresak egindako azterketaren arabera: urteko trafikoaren hazkundea gelditu egin da, azpiegitura berriak garatzeko eta trafiko berriak eskuratzeko ezintasuna dago, liskarrak sortu dira portua eta ingurunearen artean eta portuko jarduerak kutsadura atmosferikoa eta zarata sortzen ditu, zorua eta ura kutsatzeaz gainera.
Portu zaharra uztea
«Bi mugimendu dituen prozesu baten barruan aurkitzen gara», Gonzalez Txabarrik esan duenez. «Batetik, portu zaharra itxi egingo da, pixkanaka-pixkanaka, eta ernaldu, biziberritu, egingo da berri bat Jaizkibelen ipar aldean». Ondorioz, portu zaharrak hartzen dituen lurretan 80 hektarea hustuko direla argitu dute portuko Agintaritzako ordezkariek. Egitasmoak, Gonzalez Txabarriren esanetan, «aukera ematen du portu zaharra herritarren esku lagatzeko, bere hiri ordenamendua egin ahal izateko». 80 hektarea horiek dira portuaren egungo «aktibo handiena», portuko lehendakariaren ustez, eta portuak duen ondarearekin eta dirulaguntzekin finantzatuko da egitasmoa.
Merkataritza jarduera portu zaharretik kanpora ateratzeak badia osorik berreskuratzeko aukera emango duela ziurtatu dute egitasmo estrategikoaren egileek. Horrela, badiako urak birsortu, Oiartzun ibaiko ubidea berreskuratu, dardarak eta zaratak gutxitu eta kutsatutako lurrak garbitu ahal izango dira. Orobat, hiritarrek badia eskuragarriago edukiko dutela ere ziurtatu dute.
«Ekoportuaren» aldeko apustua hiru balizko aukeraren artean egin du Portuko Agintaritzak, eta Helsinkiko portuaren eredua aintzat hartuta erabaki dutela argitu dute. Portuak hiriarekin izan behar duen harremanaren eredu Bartzelonako edo Lisboako portuak hartu dituzte.
«Ekoportuak» energia berriztatzaileen erabilera eta gas naturalen teknologia berriak sustatuko dituela diote egitasmoaren bultzatzaileek. Kai berriak CO2 igorpenak murrizteko ahalegina egingo duela nabarmendu dute. Inguru horretan kutsakorrena den enpresetako bat, zentral termikoa, kai berrian kokatu daitekeela uste dute, nahiz eta Iberdrolak berau ustiatzeko 2022 urtera arteko baimena duen.
«Ez da superportua»
Alfredo Irisarrik argi esan du: «Ez da superportua». Jaizkibelen ipar aldean egin asmo duten kai berriak oraingo portuaren trafikoa jasoko du, eta baita trafiko berriak ere, «oro har, oso garbiak izango direnak». Azpiegitura berriak «beharrezko duen itsas sarbidea edukiko du», Irisarriren esanean, eta egungo portuak hiriarekin dituen arazoak konponduko ditu.
Kai berria «eurohiriaren ekoportua» izango dela uste du Irisarrik. SPIMeko zuzendariaren arabera, Gipuzkoako industria azpiegiturarekin harreman oso estua du Pasaiako portuak, eta bertan egin litekeen edozein esku hartzek eragin zuzena izango du herrialdeko industriagintzan eta sare ekonomikoan. Zehazki, Pasaiako «ekoportuak» euskal eurohiria finkatzen lagunduko duela uste dute txostengileek. «Euskadi-Akitania harremanetarako eta eurohiriaren garapenean kokapen pribilegiatua du Pasaiako portuak», adierazi du Irisarrik. Eurohiriak, lurralde antolaketaz gainera, garraio eta logistika zerbitzuak beharko dituela, eta hor Pasaiako portuak leku garrantzitsua beteko duela uste du.
Etorkizunerako hiru egoera aukeran
«Berdin jarraitzea da egin litekeen okerrena», esan du Alfredo Irisarri SPIM aholkularitza enpresako zuzendariak. Pasaiako portuarentzat egin duten plan estrategikoan hiru aukera aztertu dituzte portuaren etorkizunerako.1
Barruko kaiaren erabilera murriztu
Trafikoa. Pasaiako portuko barruko kaiaren erabilera murriztuko balitz, salgaien trafikoa ere murriztu egingo litzateke, SPIMek egindako ikerketaren arabera. Kasurik onenean portuak egungo trafiko mailari eutsiko lioke, baina okerrenean erdiraino jaitsiko litzateke. Zehazki, ikatza, txatarra, labore eta ongarrien trafikoa jaitsiko litzateke.
Jarduera. Merkataritza jarduera portuaren eremu jakinetan pilatuko litzateke. Azterketaren arabera Herrerako portu eremua baizik ezingo litzateke berreskuratu. Badiaren birsortze edo berreskuratze osoa ezinezkoa izango litzateke, hortaz.
Ondorio ekonomikoak. Jarduera eta trafikoa murriztuta, lanpostuak ere urrituko liratekeela eta inguruko sare industrialean ondorio kaltegarriak etorriko liratekeela ondorioztatzen dute azterketaren egileek.
2
Egungo kaia dagoenean utzi
Lehiakortasunaren galera. SPIMen ustez, ondorio ekonomiko kaltegarriak ekarriko lituzke aukera honek, produkzio, enplegu eta lehiakortasun aldetik. Portuaren inguruko eta Gipuzkoako enpresek lehiakortasuna galduko lukete, egun dagoenean portuak ezin duelako eman trafiko hazkunderik.
Arazoak, lehengoan. Hiriak portuarekin dituen «elkarbizitza arazoak» ez lirateke konponduko eta badia berreskuratzea ezinezkoa izango litzateke. Trafikoa ahalik eta gehien ugaritu nahiko balitz, ezinezkoa litzateke, aldi berean, ingurumena babestu nahi izatea.
Harresia. Azterketak «portu harresia» bezala izendatzen du egungo eredua, alegia hiria eta kaia bereizten dituen elementu gisa. Portura sartu ezinak eta portuaren hazkundea baldintzatzen duen egoerak bere horretan jarraituko lukete.
3
Kanpoko aldean kai berria eraiki
Trafikoak gora. Jaizkibelen ipar aldean kai berria egiteko aukerak salgaien trafikoa hazteko baldintzak sortuko lituzke, SPIMek dioenez. Kasurik txarrenean ere portuaren trafikoa igo egingo litzateke eta, kasurik onenean, bikoiztu edo hirukoiztu egin liteke trafikoa (17 milioi tona jasotzera irits liteke; egungo trafikoa ez da 6 milioi tonara iristen). Salgai berrien trafikoa ere eskuratu ahal izango luke portuak.
Badia berreskuratzea. Pixkanaka barruko kaiko jarduera guztia kanpoko kai berrira aldatzea da asmoa. Hortaz, Pasaiako badia osorik berreskuratzeko aukera emango luke aukera honek. Itsasoaren aldamenean hustuko liratekeen 80 hektareak portuaren finantzaketarako erabiliko liratekeela nabarmendu du Joxe Joan Gonzalez Txabarri Pasaiako Portuko lehendakariak.
Aukera ematen du portu zaharra herritarren esku lagatzeko eta hiri ordenamendua egiteko»
Joxe joan gonzalez txabarri
Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakaria
«2003an hazkunde muga jo zuen Pasaiako portuak eta, harrez gero, ez du gora egin»
Alfredo irisarri
SPIM aholkularitza enpresako zuzendaria
Lanen egutegia
2020-RAKO, MARTXAN2008 eta 2012 artean. Kanpoko kaia egiteko eraikuntza proiektuak idatziko dituzte. Ingurumen Eraginaren Azterketak egingo dituzte, eta Nabalaldea zabalduko dute.
2010ko urrian. Portura iristeko egingo diren tunelen lehenengo harria jarriko dute.
2012ko urrian. Kanpoko kaiaren lehenengo harria paratuko dute.
2013 eta 2020 artean. Tunelen eraikuntza, eta portu berriarekiko lotura bukatuko dute. Portuaren espazioa kontsolidatu, eta Jaizkibiak egin beharreko badia barruko hirigintza plana aurrera eramateko lurrak hustuko dituzte.
2020tik aurrera. Kanpoko kaia martxan hasiko da. Jarduera Jaizkibelgo iparrera aldatuko da,eta badiaren lehengoratze osoari ekingo diote.