Gazaren aurkako erasoaldia. Elkartasuna Euskal Herrian

Aztoramenak piztu du elkartasuna

Israelek Espainian duen enbaxadore Alon Barrek kargu hartu zion Gipuzkoako Diputazioari, Gazaren alde egiteagatik. «Gorroto kanpaina bat» sustatzea egotzi, eta «informazio gabezia» sumatu zuen. Palestinarren aldeko elkartasun kanpainak antolatzen ari direnek, ordea, uste dute aski informazio eskuratu dutela oraingoan; Gazatik iritsi diren irudiek kontzientzia eta «aztoramena» piztu dituztela herritarren artean, era horiek eragin dutela elkartasuna areagotzea.

Gotzon Hermosilla - Myriam Aranburu
2014ko abuztuaren 14a
14:25
Entzun

BIZKAIA

Eneko Calle (Bakea eta Duintasuna): «Gazarako botikak bilduta ez dugu ezer konpontzen»

Bilboko ekintza.

[youtube]http://youtu.be/nK0Oa3Tt1p8[/youtube]

Bakea eta Duintasuna gobernuz kanpoko elkarteak ere parte hartzen du Euskal Herria-Palestina Sarean. Lehenagotik ere ekimen ugari antolatu ditu sareak Bizkaian, elkarteko kide Eneko Callek (Urduliz, Bizkaia, 1987) azaldu duenez: «Euskal Herri osoko sarean ez dauden zenbait elkartek parte hartzen dute Bizkaikoan, eta pentsatzen dugu sentsibilitate aniztasun hori positiboa dela». Aniztasun hori indartze aldera, Gazaren kontrako erasoaren berri izan bezain pronto, beste elkarte batzuengana jo zuten, mobilizazio bateratuak antolatzeko asmoz.

Horren ondorioz, ugariak eta jendetsuak izan dira Bilbon antolatutako protestaldiak: uztailaren 17an, 23an eta 30ean manifestazioak egin zituzten, eta uztailaren 22an elkarretaratzea antolatu zuten Bilboko Premier dendaren aurrean Israelgo produktuen aurkako boikota sustatzeko. Bilboko Uribarri auzoan eta Bizkaiko zenbait herritan ere (Lekeitio, Ondarroa, Ermua, Getxo, Plentzia, Usansolo...) egin dituzte protestak azken asteetan.

Uztail hasieran ekintza berezia ere egin zuten Bilboko kaleetan: militar israeldarrak balira bezala, bi kontrol jarri zituzten Alde Zaharrean, murruekin bidea itxiz. Venezuelak Bilbon duen enbaxada, berriz, jostailuak biltzen aritu da, Palestinako umeei bidaltzeko.

Bestelako liskarrik ere izan da. EH Bilduk koalizioak Palestinako bandera bat zintzilikatu zuen udaletxeko bere bulegotik kalera. Kentzeko eskatu zion udal gobernuak. 

Bilboko Aste Nagusia gainean dago, eta hor ere izango dira mobilizazioak, oraindik guztiz zehazturik ez dituzten arren. «Litekeena da orduan su-etena indarrean egotea, baina okupazioak bere horretan iraungo du», azaldu du Callek.

«Sarraskiaren irudiak ikusita, jendea aztoratua dago, eta normala da, baina Gazako arazoa ez da humanitarioa, edo, hobeto esanda, arazo humanitarioa egoera politiko baten ondorio da: egoera hori da aldatu beharrekoa. Ez dugu ezer konpontzen Gazarako botikak bilduta, gero botika horiek ezin badira Gazara iritsi blokeoaren eraginez».

ARABA

Koldo Alzola (Komite Internazionalistak eta EH - Palestina Sarea): «Boikotaren ekinbidea epe luzerakoa da; egunez egun garatu behar da»

Uztailaren 16an manifestazioa egin zuten Gasteizen Gazaren kontrako erasoaldia salatzeko.

[youtube]http://youtu.be/LiXYDI0jB2Y[/youtube]

Egun horretan, Noa abeslari israeldarra emanaldi bat egitekoa zen Gasteizko Jazzaldia zela eta; protestaldia aretoaren ateetaraino eramaten saiatu ziren manifestariak, poliziek osatutako hesiarekin topo egin zuten arren. «Noak oso diskurtso anbiguoa erabiltzen du, bakezale itxurak egiten ditu, eta, horregatik, oso arriskutsua da, jendeak sinetsi egiten duelako», azaldu du Koldo Alzolak (Gasteiz, 1974), Komite Internazionalistetako (KI) eta Euskal Herria - Palestina Sareko kideak.

Kontzertuaren ostean, Sareko kideek bilera egin zuten Noarekin. Baliagarritzat jo du Alzolak: «Behingoz, Noa argi mintzatu zelako. Adierazi zuen Israelgo gaur egungo gobernuaren kontra dagoela, baina Israelgo Estatuari erabateko babesa ematen diola. Errefuxiatu palestinarrak itzultzearen kontra agertu zen eta, apartheid egoeraz galdetuta, Israel estatu demokratikoa dela defendatu zuen».

Noaren kontzertuaren inguruko mobilizazioak ez dira izan Arabako hiriburuan antolatutako bakarrak. Gasteizko jaietan ere nonahi agertu da Palestinarekiko elkartasuna.

Zeledonen jaitsieraren egunean, txosnetan, musika emanaldietan eta abarretan ugariak izan dira Palestinaren ikurrak eta Israelen erasoaldiaren kontrako mezuak. Orain, jaiak amaituta, giroa nabarmen apaldu da, baina urte berriarekin berriro ekiteko asmoa dute sareko kideek: «Azken finean, boikotaren aldarria epe luzerako ekinbidea da, egunez egun garatu beharrekoa».

GIPUZKOA

Ainhoa Narbaiza (Bergarako Gaztetxeko kidea): «Erantzun baten beharra zegoen, eta egun batetik bestera antolatu ginen»

Lasarte-Orian, Errenterian, Irunen, Villabonan, Eibarren, Elgoibarren, Ibarran, Oñatin, Usurbilen, Zumaian, Tolosan, Arrasaten, Bergaran, Azkoitian, Hondarribian, Ordizian... Gipuzkoako herri askotan egin dituzte mobilizazioak, elkarretaratzeak eta ekintzak palestinarrei babesa eta elkartasuna adierazteko. Batzuk xumeak, beste batzuk zeresan handiagoa eman dutenak. Esaterako, joan den astean, Oiartzungo Carrefour supermerkatuaren aurrean protesta egin zuten Israelgo produktuei boikot egiteko eskatuz; supermerkatu kanpoan lurrean etzan ziren, Gazan hildakoak irudikatzen.

[youtube]http://youtu.be/xsNIwjz8JTo[/youtube]

Bergaran, zerbait «koloretsua, parte hartzailea eta zaratatsua» egin nahi zuten Palestinako herriari elkartasuna erakusteko. Horrela azaldu du Bergarako Gaztetxeko kide Ainhoa Narbaizak (Bergara, Gipuzkoa, 1992). «Egun batetik bestera batzar bat deitu genuen. Argi geneukan erantzun bat emateko beharra zegoela». Gauzak horrela, uztailaren 24an ordu erdiko kontzentrazioa antolatu zutela azaldu du Narbaizak. Horrez gain, jendearen atentzioa lortzeko, «bonbardaketa bat» irudikatu zuten kalean, petardoak eta sirenak erabiliz. «Hori da Palestinarren egunerokotasuna; gu hemen lasai gaude, baina haiek hori bizi dute».Jendearen atentzioa lortzea helburua bazen ere, herritarrek parte hartzea ezinbestekoa iruditzen zitzaien: «Haurrek ere parte hartzea nahi genuen; zerbait dinamikoa izatea». Horretarako, Palestinako banderaren koloreko pintura poteak hartu zituzten, eskuak poteetan sartu, eta horrela osatu zuten, «esku markekin», Palestinako bandera.

Egindako ekintzak hunkigarriak izan zirela uste du, eta zerbait «kuriosoa» ere gertatu zitzaiola: «Gatazka hori gu baino hurbilagotik bizi duten herrialde musulmanetako jendea gugana hurbildu zen, eta haiei bidaltzen zizkieten argazkiak erakutsi zizkiguten». Narbaizari azaldu zioten Palestinan gertatzen ari zena gelditu beharreko «sarraski» bat zela. Argi du Narbaizak, egoera ez bada aldatzen eta ez badu onera egiten, ekintza gehiago antolatzen jarraituko dutela Palestinaren aurkako erasoak behin betiko amaitu arte.

Donostian ere protesta ekintzak eta elkarretaratzeak ugaritu dira azken asteetan.

[youtube]http://youtu.be/S1O0fEcTgQw[/youtube]

Erakunde publikoek ere adierazpen bat baino gehiago onartu dituzte uda honetan, Gazari elkartasuna adieraziz. Horietako adierazpen bati, diputazioak eginikoari, erantzun zion Israelgo enbaxadak, «gorroto kanpaina bat» sustatzea egotziz diputazioari. Horren ondotik, anestesia makina bat erosteko elkartasun kanpaina bat abiatu dutela jakinarazi zuten diputazioak berak eta Donostiako Udalak. 30.000 euro behar dituzte; ostegunean 11.560 euro zituzten bilduak.

LAPURDI

Uztailaren 18an, Israelgo soldaduak Gazara lurrez sartzen hasi eta hurrengo egunean, egin zuten lehen protestetakoa Baionan. Dozenaka herritarrek, manifestazioan, salatu zuten Israelgo Gobernuaren erasoa. Elkartasuna zabaldu da geroztik; AKM Karl Marxen Adiskideak, Giza Eskubideen Defentsarako Komiteak, Miarritzeko CGTk, Solidairesek, La Comunnek eta Ipar Euskal Herria Antifaxista taldeek, eta Euskal Herria Baik, Ezker Antikapitalistak, NPAk eta Ezkerreko Alderdiak sostengatu dituzte protestak gerora. Uztailaren 31n egin zuten bertze elkarretaratze bat, herriko etxearen aitzinean, eta joan den larunbatean errepikatu zuten protesta.

NAFARROA

Iratxe Reparaz (Arbizuko ekitaldietako parte hartzailea): «Palestinar herriarekiko lotura berezia dugu; gure laguntza behar dute»

Nafarroan elkartasun ekintzak agerikoak izan dira azken aste hauetan; Palestinaren aldeko pankartak edonon ikus daitezke. Sanferminetan zirela egin zuten lehen protestetako bat Iruñean; 200 bat herritar bildu ziren. Eta elkarretaratzea egin zuten asteazken arratsaldean ere, udaletxeko plazan. Hori izan da hiriburuko orain arteko azken protesta, baina elkarretaratze eta ekintza gehiago egin dituzte tartean.

[youtube]http://youtu.be/Sx_WUG56aKk[/youtube]

Palestinan hil diren guztiei omenaldia egin zieten Arbizun (Nafarroa) uztailaren 24an. Olibondo bat landatu zuten duela urte batzuk herriko ermitaren ondoan, eta bertan egin zuten omenaldi «xumea», Iratxe Reparazek (Arbizu, 1994) azaldu duenez.

2005. urtean senidetu ziren Palestinako Marda herria eta Arbizu. Harremanetan egon dira urte hauetan guztietan, eta Palestinan gertatzen ari denaren berri dute herrian. Ordutik, elkartasun sentimendua eta lotura «berezia» dutela nabarmendu du. «Gure beharra dute Palestinan», adierazi du Reparazek, Arbizuko gazteak «oso kontzientziatuta» daudela erantsiz. Bertako egoeraren berri izanik, zerbait egin beharra dagoela pentsatzen du, eta argi du: «Arbizu herri eredugarria da Palestinarekin erakusten duen elkartasunagatik».

Udalak abiatu zuen proposamena, eta hainbat herritarrek hartu zuten parte. Alkateak komunikatu bat irakurri zuen, Palestinaren gaur egungo egoera azalduz. Lore batzuk jarri zituzten olibondoaren inguruan, Palestinako banderarekin inguratu zuten, eta bi poema irakurri zituzten. Palestinako bandera udaletxean jarri zuten omenaldiaren ondoren. Ekintza gehiago ere antolatu dituzte. Duela egun batzuk, herriko plazan, Bost kamera apurtu dokumentala eman zuten. Egileak Palestinako egoera grabatu du 1995. urtetik hona.

Altsasun ere egin zuten protesta asteazkenean: Eroski supermerkatuaren aurrean eskatu zuten Israelgo produktuak erretiratzeko. Antsoainen, Lesakan, Tuteran, Basaburuan eta Iturmendin ere egin dituzte elkarretaratzeak asteotan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.