Finantza zuzendariaren kaleratzea izan zen Babcockeko langileak grebara eraman zituen azken arrazoia. Hain zuzen ere, enplegatu hori berriro hartzea onartu du ATBk, eta, horrez gain, Langile Batzordeak atzoko bileran jarri zion baldintza nagusia: sindikatuekin elkarrizketatu eta adostu gabe ez dutela inor kaleratuko. Era berean, "itxiera patronala" bertan behera uztea erabaki du Babcockeko zuzendaritzak.
Hala ere, "oinarrizko arazoak" konpondu gabe jarraitzen duela uste dute langileek: hau da, ATBk ez duela Babcocken etorkizuna bermatzen duen plan industrialik, eta hori salatzen jarraituko dutela iragarri dute.
"15 hilabete dira Babcock ATBren eskuetara igaro zela, eta denbora honetan guztian ez da er honetako enpresa batek aurrera egiteko behar duen bezalako sarerik eratu. Irtenbiderik bilatzen ez bazaio zuzendaritzarekin berriro gatazkan egongo garen fasea etorriko da laster", agertu dute Langile Batzordeko iturriek.
Babcockeko zuzendaritzak, berriz, Langile Batzordearen baldintzak "enpresaren etorkizuna bermatzeko" onartu dituela adierazi du, 21 eguneko grebak zalantzan jarri duelako lantegiaren iraupena.
Lan gatazka
Babcockeko langileek bertan behera utzi dute greba
Hogeita bat egun greban egin ondoren, Sestaoko (Bizkaia) Babcockeko langileek bertan behera utzi dute protesta modu hori. Izan ere, beren eskaera nagusiak onartu ditu enpresa zuzendaritzak, ATB multinazionalak: kaleratutako langile bat berriro hartzea, "itxiera patronala" bertan behera uztea eta sindikatuekin adostu gabe inor ez kaleratzea. Hala ere, langileek beren etorkizunarekin kezkatuta jarraitzen dute, uste dutelako ATBk ez daukala Babcocken etorkizuna bermatzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu